Erdozia eta Beltza Zilarrezkotik kanpo

Guaixe 2013ko otsailaren 11

Binakako Zilarrezko Txapelketan ordezkari sakandarrik gabe geratu gara, Juanjo Erdozia eta Goizeder Beltza etxarriarrek Kañamares III.aren eta Jauregiren kontra Zerainen zuten kanporaketa galdu eta gero. Jokoan zeuden bost lanetan gailendu ziren Sakanako Aizkora Eskolan trebatu den Arkaitz Jauregi arabarra eta Julen Kañamares (10:19), baina horretarako lan handia egin behar izan zuten, oso alde gutxi atera baitzieten Juanjo Erdoziari eta Goizeder Beltzari (10:56). 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagoan mozteko lanetan 34 aizkorakada behar izan zituzten Jauregik eta Kañamaresek eta 3 gehiago etxarriarrek. 45 ontzakoa erlojuz kontra erdibitzeko lanean hiru segundoko aldea atera zuten Jauregik eta Kañamaresek. 45 ontzakoa zutik ebakitzean, 57 segundo behar izan zituzten Jauregik eta Kañamaresek eta 4 segundo gehiago Erdoziak eta Beltzak. 60 ontzakoa abiaduran erdibitzeko lanean 2:22koa izan zen Jauregiren eta Kañamaresen denbora eta 2:29koa etxarriarrena. Eta lan erditan 5:20an gelditu zuten erlojua Jauregik eta Kañamaresek eta 20 segundo beranduago Erdoziak eta Beltzak. Tamalez, txapelketatik kanpo geratu dira etxarriarrak.