Nazabal eta Zubiaga finalera

Guaixe 2013ko otsailaren 18a

Floren Nazabalek eta Joxe Angel Zubiagak Binakako Urrezko Aizkorako finalerdien itzuliko kanporaketa jokatu zuten larunbatean Bilboko La Esperanza pilotalekuanIñaki Azurmendiren eta Jon Rekondoren kontra. Joaneko kanporaketan Nazabalek eta Zubiagak ia 2 minutuko aldea atera zieten Azurmendiri eta Rekondori, eta, horregatik dena alde zuten finalerako sailkatzeko. Izan ere, Azurmendi eta Rekondo 2 minutuko alde hori ateratzera behartuak zeuden. Baina Nazabalek eta Zubiagak Bilboko itzuliko kanporaketa ere irabazi zuten eta meritu handiz sailkatu dira Binakako Urrezko Aizkorako finala jokatzeko. Finala Azpeitian jokatuko da, martxoaren 3an.  Sei proba jokatu ziren finalerdietan eta sei proba horietatik bostetan gailendu ziren Nazabal eta Zubiaga. Bigarren lana izan zen Azurmendik eta Rekondok irabazitako lan bakarra, bikote bakoitzak bi 45 ontzako erdibitzearena, aizkolari bakoitzak enbor bat moztuz. Gainontzekoetan irabazleak gailendu ziren. Lan guztiak egiteko 21 minutu eta 52 segundo behar izan zituzten Nazabalek eta Zubiagak, eta 21 minutu eta 17 segundo, berriz, Azurmendik eta Rekondok. ZilarrezkoaZilarrezko Binakako Txapelketan Juanjo Erdozia etxarriarrak lesionatuta dagoen Etxeberria ordezkatu zuen. Eneko Otañorekin aritu zen Erdozia Urrestillan, Oihan Larretxearen eta Aritz Irazabalen kontra. Larretxea eta Irazabal gailendu ziren (10:55), Erdoziari eta Otañori ia minutuko aldea ateraz (11:45). Igandean Zilarrezko mailako finalerdiak jokatuko dira Zarautzen: Jauregik eta Kañamares III.ak Juan eta Jon Rodrigez izanen dituzte aurkari, eta Larretxeak eta Irazabalek Daniel eta Iker Vicente.