Iritsi da urteko lehen aizkora finala, Egur Sportek antolatutako Binakako Urrezko Aizkora Txapelketa, hain zuzen. Finala igandean jokatuko da, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, 12:00etan eta finalerako txartela lortu duten bikoak ondokoak dira: Floren Nazabal-Joxe Angel Zubiaga eta Unai Otaño-Joseba Otaegi. Bi bikoak txapelketa ona egitetik datoz eta primerako mailan daude. Etxarri Aranazko Floren Nazabal aizkolari beteranoak iaz primerako denboraldia egin zuen, jokoan zeuden ia txapelketa guztiak irabaziz. Eta aurten, dagoeneko, bere lehen finala jokatuko du, Zubiagarekin batera. Lan bikaina egitetik datozen eta egungo txapeldunak diren Unai Otaño eta Joseba Otaegi garaitu beharko dituzte txapela janzteko. Dena den, nahiz eta Otaño eta Otaegi egungo txapeldunak izan, katedrak akaso Nazabal eta Zubiaga jotzen ditu faborito. Beraz, lehia estua aurreikusten da. Izarraitzek argituko du nork jantziko duen lehen txapel hau, baina espero dezagun txapela Sakanan ikustea. Bikote bakoitzak 6 lan egin beharko ditu, guztira 16 enbor erdibituz: 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagoan erdibitu; 45 ontzako bi enbor erlojuaren kontra moztea; 60 ontzako enborra zutik moztea; abiadura proba, 60 ontzako bi enbor erdibitzea; 45 ontzakoa, zutik, eta kana-erdikoa, etzanda, moztea; eta lan erdiak: lau kana-erdiko eta lau 60 ontzako erdibitzea. ZilarrezkoaUrrezko Binakakoarekin batera Zilarrezko Binakakoaren finala jokatuko da igandean Azpeitian. Sakanako Aizkora Eskolan trebatutako Arkaitz Jauregik eta Julen Kañamares III.ak Daniel eta Iker Vicente izanen dituzte aurkari.