Auzo-konposteko aurreneko kaxeta mustutzera

Guaixe 2013ko martxoaren 15a

Sakanako Mankomunitateak hondakinak biltzeko sistema ezarri behar du eta Etxarri Aranazko Udalak auzo-konpostari bultzada ematea erabaki du. Bi erakundeek bihar hainbaten artean auzo-konposta egiteko erabiliko den aurreneko kaxeta mustuko dute. Eguerdian izanen da, Mikel Arregi plazan. Auzatea, Joseba Beltzak eta Eneko Lazkoz bertsolariek kaxetari jarritako bertso berriak eta konposta egiteko saio praktiko bat izanen da. Horren aurretik, 10:00etan, etxarriar guztiak kultur etxean izanen den hondakinak biltzeko sistemaren aurkezpenera gonbidatu dituzte. Etxarri Aranazko Udala Frantziako Saint Philbert herriko ereduan oinarritu da auzo-konposta jartzeko eta aurkezpenean Daniel Roux konpost egile maisua izanen da azalpenak ematen. KaxetaEtxarri Aranatzen bihar mustuko den auzo-konposterako kaxeta eredua berria da gure inguruan. Belgikan asmatu zuten. Formatu handikoa da eta etxe askotako hondakin organikoak har ditzake. Edozein gai organiko bota ahal izango da, gordin edo prestatuta: fruta eta barazkien hondakinak, haragi eta arrain hondakinak, arrautzak eta mariskoa, esnekiak, ogia, kafe hondarrak, landare hostoak, bernizik eta plastikorik gabe erretako egurren errautsa... Etxola egurrez egindakoa da. DatuakGaur egun Sakanan sortzen ditugun hondakinen %93 birziklagarria da: organikoa (%50), papera eta kartoia (%20), ontziak (%15), beira (%8)... Baina Sakanan %24,27 bakarrik birziklatzen dugu. Gaikako bilketarako sistema egokiak erabiliz gero, hondakin birziklagarri ia guztiak jaso daitezke. Beraz, konposta eginda (etxean edo auzoan), gure hondakinen % 50 bertan kudeatuko litzateke (organikoa), beste inora eraman behar izan gabe. Komposta egitea hondakin organikoen ziklo naturala da: • Prozesu naturala, merkea eta esker onekoa da.• Ez du usain txarrik hartzen, oxigenazioari esker ez delako usteltzen.• Hondakinak jasotzeko sistema errazten du eta merkeagoa da.• Edozein egunetan edo ordutan atera daiteke hondakina.• Konposta etxeko lorategian edo baratzean erabil daiteke.Eta konposta egin nahi dutenei %15 jaitsiko zaie Mankomunitateari dagokion hondakinen tasa. Bestalde, konpostatzen ikasteko doako ikastaroa izanen dute, eta zalantzak argitzeko aholkularitza teknikoa ere bai.