Erabakitze eskubidea eta independentzia kantu- eta hizketa-gai

Guaixe 2013ko martxoaren 19a

Etxarri 2012+1 ekimenak Euskal Herriaren erabakitze eskubidearen aldeko saioa antolatu du gaurko. Derry tabernak, 20:00etan, bertso-hitzaldia hartuko du. Kantuan Jon Maia eta Amets Arzallus bertsolariak izanen dira. Hizlari eta gai-jartzaile, berriz, Angel Oiarbide, Gazta zati bat dokumentaleko sustatu zuen Nazioen Mundua ekimeneko kidea. Auzatea izanen da. Etzi, berriz, Etxarri 2012+1 ekimenak antolatuta, Karrikestu elkartean Txente Rekondo eta Oskar Arantzabal Iraeta izanen dira hizlari. 20:00etatik aurrera independentziaren ondorio ekonomikoak izanen dituzte hizpide. Esaterako, Europa barruan edo kanpoan geldituko litzatekeen Euskal Herria, pentsioekin gertatuko litzatekeena, Euskal Herriko ekonomiaren indarguneak eta ahulguneak... Bestalde, hilaren 9an bigarren sinadura festa antolatu zuen Etxarri 2012+1 ekimenak. Etxarriarren ahalik eta sinadura gehien jaso nahi ditu ekimenak, bultzatu duen autodeterminazio eskubidearen aldeko galdeketak babes handiena lor dezan. Asko izan ziren larunbatean udaletxetik sinatzera pasa zirenak. Eta oraindik ere, astegunez, bulego ordutegian pasa daiteke.