Mustu dute Sakanako lehenengo auzo konposterako etxola

Guaixe 2013ko martxoaren 20a

Sakanan sortzen den hondakinaren %50 organikoa da. Hortaz, Sakanako Mankomunitateak jarriko duen hondakinak gaika biltzeko sistemaren lehenengo urratsa eman dute Etxarri Aranatzen: lehenengo auzo konpostatzailea mustu dute. Sakanako aurrenekoa da, baina ez azkena. Hurrengo hilabeteetan Sakanako zenbait herritan jartzea pentsatu dute. Joseba Andoni Beltza eta Eneko Lazkoz bertsolariek idatzitako Bertso berriak kaxetari jarriak abestu zuten. Aldi berean, etorkizunean atez ateko bilketa egiteko erabiliko diren posteak ikusgai egon ziren ere. Mikel Arregi plazan eraiki dute auzo konposterako egurrezko etxola Etxarri Aranatzen. Eredua Frantziako Saint Philbert herritik hartu dute Mank-ek eta Etxarri Aranazko Udalak. Larunbatean Daniel Roux Frantziako konpostagileak beraien esperientzia azaldu eta prozesuaren erakustaldi praktikoa egin zuen Adolfo Araiz Mank-eko gerentearen laguntzarekin. Nola erabiliProzesua erraza da: etxean sortzen diren hondakin organikoak bota behar dira. Zertxobait handiago diren zatiak aurretik txikitu behar dira, besteak beste, maskorrak. Etxolak bi eremu ditu, lau zatitan banatuta. Lehenengo eremuaren lehenengo zatian hondakinak botatzen dira eta ongi nahasten da. Ondoren, estrukturantea botatzen da geruza bat sortuz. Hurrengo herritarrak hondakinak bota arte estali egiten da. Hamabost egun behar dira betetzeko. Behin beteta, hondakinak bertan, bost edo sei hilabete egongo da prozesu naturalaren bidez konpost bihurtzen.Hura beteta, lehenengo eremuaren bigarren zatian botatzen dira hondakinak, bete arte. Araizek azaldu zuenez, estrukturantea Mank-ek jarriko du eta lehenengo egunetan arduradun bat egongo da kaxeta laguntzen. Prozesua ongi eginez gero usainak ez direla sortzen aitortu du Araizek. Momentuz, Etxarri Aranazko berrogei familiak konpostatzailea erabiltzeko interesa erakutsi dute. Etxolak ehun bat familiak hondakin organikoak jasotzeko ahalmena izango du. Apirilean Udalak herritarrekin batzarrak egingo ditu. Ezaugarri hauek dituen konposta egiteko kaxeta Euskal Herriko lehenengoa da. Sakanako ezaugarrietara hobekien egokitzen zen eredua zela erabaki zuten: herri handietako pisuetan bizi diren herritarrei konposta egiteko aukera ematen zaie. Familia gutxiago dagoen auzoetan edo herri txikietan Mankomunitateak konpostatzaile arruntak eraikiko ditu kopurua eta neurria erabiltzaile kopuruari egokituz.