Prestakuntzan nabaritu izan dut administrazioaren laguntza falta

Guaixe 2013ko martxoaren 22a

Begoña Goikoetxea Zabaletak Legarbe karakol haztegia du Etxarri Aranatzen. Hainbat enpresatan lan egin ondoren, 12 urte daramatza karakolekin. Zergatik utzi zenuen lantegia lehen sektorera pasatzeko?Iruñean lanean urte dexente neramatzan. Etxarri aldera bizitzera etortzea pentsatu nuen eta horretarako hemen inguruan lana bilatzea. Hasi nintzen baina oso zaila zen. Garai hartan nahiko zaila zegoen, ez orain bezainbat baina nahiko gaizki zegoen gauza. Eta pentsatu nuen nire kabuz zerbait jartzea. Gauza ezberdinak ikusten egon nintzen eta, azkenean, opatu nuen karakolena. Ikusi nuen nire neurrikoa zela. Etxean ere hitz egin genuen. Denok ados geunden eta hala hasi ginen. Industria eta lehen sektorea ezagututa, zeinen alde egiten duzu?Nagoen moduan geldituko nintzateke. Lantegian ere ez nengoen gaizki , baina bueno. Lehen sektoreak badakigu zer daukan: ez du ordutegirik, ardura pila bat dira... Lantegian zortzi orduak sartu eta etxera zoaz. Ni gustura nago. Beti pentsatu dut lehen sektorea zerbait bokaziozkoa dela. Presio asko dauzkazu; mila gauzatan zaude. Hiritik herrira etorri zinen. Niretako alderik ez dago: askoz hobeki bizi gara herrietan hirietan baino. Gaur egun Iruñean ordu erdian zaude. Ez da lehen bezala, Iruñera joatea zerbait berezia zena. Edozein momentutan zaude han. Eta bizi kalitatea herrietan askoz hobea da. Zerbitzuen falta akaso?Bai, eta murrizketekin, pentsatzen dut, nabariagoa izanen dela hemendik aurrera. Adibidez, haurren eta helduen zaintzekin. Halako zerbitzuak faltan botatzen dira askotan. Zerbitzuetan motz gelditzen gara, eta hori Etxarrik oso neurri polita eta kokapen ona daukala. Hala ere, niretako, herrian abantaila gehiago ditugu. Esaterako, aldamenarekin kontaktua, lagunak, aireko garbitasuna... arlo guztietan.Zurea Sakanako estreinako karakol haztegia izan zen?Bai. Izan dira saiakera asko Nafarroan, Gipuzkoan...  12 urteko esperientzia. Asmatu duzu, ez?Nik uste dut asmarazi egiten diezula gauzei. Azkenean, tenkorra izan behar duzu bizi honetan eta erabaki bat hartzen duzunean aurrera egin behar duzu, nahiz eta gauzak zuk pentsatzen zenuen bezain ongi ez atera. Edo hasierako proiektua berrasmatzen duzula 54.000 aldiz, zure modura egokitzeko. Ni ez naiz damutzen eta aurrera jarraituko dut. Normalean azienda gobernatzen gizonezkoak ikusi izan ditugu. Ez dakit, ba. Izanen da niri tokatzen zaidalako emakumeekin harreman gehiago izatea. Animaliekin, baratzetan, buru-belarri hor dabiltzan emakume pila ezagutzen ditut. Etxetik kanpo, bizitza publikoan errazagoa da gizonezkoa ikustea. Azoketan eta beti gizonak. Azoka askotan, animalia zaintzen gizona, baina kartelean jabea, emakumezkoa. Hori ere, zerbait administratiboa da. Bakoitzari komeni zaionaren araberakoa, etxe bakoitzeko egoeraren araberakoa da. Profesionalen elkarteetako kide ere bazara, ezta?EHNE sindikatuan eta orain Belardi ekimenarekin gabiltza. Sektoreak daukan arazoa da denbora falta, normalean. Gauzak egiteko izaten da, uff...Zer eraman zaitu elkartzera?Gauza ezberdinak daude. Nik zuzeneko salmenta egiten dut. Horrek behartzen nau nire moduko ekoizleen dinamikak ezagutzera. Zure sektore berean dagoen jendearekin hobeki moldatzen zara. Horretarako sindikatuan egon behar dut. Ni lanean bakarrik nago eta bizi soziala egiteko modu bat ere bada. Emakumeek parte hartzen dute?Nik gehien bat parte hartzen dut Bizi-Lur taldearekin, Iruñerriko merkatu gardena antolatzen duguna. Paretsu gaude, gizonezkoak zerbait bat gehiago agian. Salmenta zuzenean bai gaudela emakumezkoak. Belardin ez, 11tik 3 gaude, ez dela gutxi. Eguneroko lana, familia... elkarteetara nola iristen gara?Batzuetan hemen ezetz esaten, beste batzuetan haurra ez dakit non uzten eta beste batzuetan Legarbe erdi abandonatuta utzita. Teknologia berriek laguntza ematen dute?Hasi gara. Saiatu gara bilerak bideo-konferentzia bidez egiten, baina uf.  Hor ere trebatu behar. Landa eremuan, emakumea eta langilea izanik, zeren premia sumatzen duzu egunerokoan?Zerbitzuak premiazko ikusten dut. Zeren, azkenean, haurren eta helduen zaintza guregan gelditzen da gehienetan. Arazo gehien izan dudana izan da karakolen gaia nahiko berria zela eta ez zela ezagutzen. Nire kabuz esperimentatu behar izan dut. Oso pisua eta ekonomikoki beste gastu bat da. Horretan ez dut laguntzarik ikusi, horren falta sumatu dut. Uste dut karakolen granjak ongi aztertu gabe daudela. Ikerketa sakon bat behar da iruditzen zait, sektoreak etorkizuna izan dezakeelako. Hori nik ezin dut egin. Adibidez, ugalketa. Oso garrantzitsua da. Saiakera asko egin nituen eta azkenean lortu nuen. Baina ez dut laguntzarik izan eta ezin dut horrekin jarraitu. Agian aurrerago berriz saiatuko naiz. Nire poltsikotik ari naiz dena ordaintzen eta denarekin ezin dut. Nik badakit beste herrialde batzuetan (Frantzian, Polonian, Ukrainian) estatuak jendea ekarrarazi duela herrietako jendea karakol granjak muntatzen trebatzeko. Baina estatuak prestakuntzaren kostua bere gain hartzen zuen. Serioagoa. Horretan nabaritu izan dut administrazioaren laguntza falta. Eta hemen ez dagoenez, kanpora joan beharra eta dena nire poltsikotik ordainduta. Zer aldatu beharra dago hobetzeko?Ez dakit, ez dut formula magikorik. Jendeak lan egiteko gogoa daukanean, zerbaitekin aurrera egiteko aukera dagoenean, laguntza ematea. Ez dut ekonomikoa, diru-laguntza bat eskatzen. Prestakuntza edo babesa, bestela bakarrik jasatea nahiko gogor egiten da. Aurrera egiteko animatuta?Bai, egiten dudana gustatzen zait. Aurrera. Etortzen den guztiari erakusten diot eta ahal dudan guztiarekin lagundu egiten dut.