Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Etxarri 2012+1 ekimeneko kideak gaur goizean aurkeztu dute Etxarri Aranazko udaletxean herri galdeketa eskaera babesten duten sinadura. Mikel Mundiñanok, Susanna Suderak eta Manolo Camposek 360 etxarriarren sinadura aurkeztu dizkiote udalari. Babes horrekin Etxarri 2012+1 ekimenak "erabakitzeko eskubidea etxarriarron eskura jarri nahi dugu. Ariketa demokratiko bat; benetako demokrazian oinarri behar lukeen eskubidea praktikara eraman nahi dugu" azaldu du Mundiñanok. Ados al zaude Etxarri Aranatz, Euskal Herriko udalerria izanda, Europako estatu independente berri baten parte izatearekin? Etxarriarrek galdera horri erantzutea nahi dute ekimeneko kideek. "Herritarrek "etorkizunean zer izan nahi dugun" adierazteko. Autodeterminazio eskubidearen inguruan etxarriarrei galdera egiteko eskaera Foru Legeak eskatutako babesarekin erregistratu ondoren, udal bilkura berezi batean aztertu beharko du gaia Etxarri Aranazko Udalak. Ekimenetik etxarriarrak maiatzean izanen den bilkura hartara joateko deia luzatu diete eta, bide batez, sinatzaile guztiei eskerrak eman dizkiete.