Nafarroako 4x4 Sokatira Txapelketari Etxarrin emango zaio hasiera

Guaixe 2013ko apirilaren 26a

Igandean, 11:30ean, Etxarri Aranazko pilotalekuan. Sakanako 3 talde lehiatuko dira: Sakana, Andra Mari eta BeriainIgandean abiatuko da Nafarroako 4x4 Sokatira Txapelketa, goizeko 11:30ean, Etxarri Aranazko pilotalekuan. Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatu du txapelketa, Nafarroako Gobernuaren eta Etxarri Aranazko Udalaren laguntzarekin. Bertan launa tiratzailez osatutako taldeak lehiatuko dira, hiru kategoriatan: emakumezkoak (260 kg), kadeteak (290 kg) eta gizonezkoak (320 kg). Sakanako 3 talde lehiatuko dira. Emakumezkoen kategorian Sakana Sokatira Taldeko neskak ariko dira, beste 3 talderekin batera: Berriozar, Basaburua-Imotz eta Txantrea. Aurten soilik txapelketa honetan ariko dira Sakanako neskak, jende faltan daudelako. Horregatik gogotsu aterako direla adierazi digu Nerea Lizarraga entrenatzaileak, lan ona egiteko asmoarekin. Bestalde, kadeteen kategorian Andra Mari ikastolako bi talde lehiatuko dira: Andra Mari eta Beriain, Berriozar eta Ultzama taldeekin batera. Jexus Senar prestatzaileak adierazi digunez, lan polita egiten saiatuko dira. "Pozik, gustura daude neska-mutikoak. Talde bakoitzean bospasei kide daude, eta tiraldietan txandakatzen joango gara". Azkenik, gizonezko kategorian 6 talde lehiatuko dira, baina bertan ez dago talde sakandarrik - Amaiur A, Amaiur B, Txantrea A, Txantrea B, Berriozar eta Basaburua-Imotz - . Txapelketa lau jardunalditan jokatuko da: igandean, Etxarri Aranatzen, maiatzaren 11n Amaiurren, maiatzaren 19an Iruñean, eta maiatzaren 25ean Berriozarren. Lau jardunaldiak jokatuta, eta puntuak batuta, lehen bi sailkatuek finala jokatuko dute. Sakana (emakumeak, 260 kg)Tiratzaileak: Naiara Mundiñano, Arantza Serrano, Jaione Ganboa, Garazi Retegi eta Nerea. Entrenatzailea: Nerea Lizarraga.Andra Mari (kadeteak, 290 kg)Tiratzaileak: Oihan Karasatorre, Izai Mauleon, Jurgi Kintana, Gari Satrustegi, Adrian Joao eta Asier Estarriaga. Beriain (kadeteak, 290 kg)Tiratzaileak: Xabier Basabe, Nahia Nuñez, Janire Cerviño, Andrea Ansotegi, Mirari Imaz, Oihana Gabirondo eta Garazi Artieda.