Nazabal aurrera Urrezko Banakakoan

Guaixe 2013ko apirilaren 29a

Gasteizko Armentiako zelaiek Urrezko Banakako Txapelketako kanporaketa hartu zuten igandean, San Prudentzio egunean. Hotzari, euriari eta kazkabarrari ere egin behar izan zieten aurre kanporaketan parte hartu zuten lau aizkolariek: Floren Nazabal etxarriarrak, Juanjo Lopezek, Antonio Senosiainek eta Arkaitz Jauregik. Bakoitzak 5 lan egin behar zituen. Floren Nazabalek eta Juanjo Lopezek lortu zuten txapelketan aurrera egiteko txartela. Etxarriarra aurretik joan zen uneoro eta garaipen erosoa lortu zuen (16:50), gainontzekoak baino koska bat gainetik dagoela erakutsiz. Bigarren postua oso lehiatua izan zen, Juanjo Lopez eta Sakanako Aizkora Eskolan trebatu den Arkaitz Jauregi parez pare aritu baitziren. Azkenean soilik segundo bateko aldea atera zion Juanjo Lopezek (19:01) Jauregiri (19:02). Senosiainek laugarren lanak egin eta gero erretiratzea erabaki zuen, zenbait arazo izan zituelako.