Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurreko urteko urriaren 2an zabaldu zituen ateak Etxarri Hortz Klinikak, Etxarri Aranatzen. Bi odontologo - Eneritz Alzola eta Manuel Peleato - eta laguntzaile batek - Izaskun Liziaga - lan egiten dute. Ohiko zerbitzuak emateaz gain, berezitasun bat daukate: odontologia holistikoa lantzen dute. Hau da, pertsona guztia, bere osotasunean, kontuan hartzen duen odontologia egiten dute. "Ahotik pertsona guztia tratatzen dugu. Digestio arazoak dituztenei ahoan gehiago nabaritzen zaie. Igual haginetako minarekin dator bat, tratatzen duzu eta justu kendu zaio besoko mina. Zerbikalak eta beste oso lotuta daude ere ahoarekin. Dena dago lotuta" adierazi du Eneritz Alzolak Beleixe irratian (FM 107.3). Odontologia mota honekin lotuta, Alzolak terapia neurala aplikatzen du. "Helburua da gure gorputzean ditugun blokeoak, nerbio sistemarenak, desblokeatzea, akupuntura antzeko ziztadatxo batzuen bidez" azaldu digu. Bestalde, oso agresiboak ez diren materialak erabiltzen saiatzen dira. Ildo honetan, metalezko ohiko enpasteak, merkurioa dutenak, erresinazko enpasteengatik ordezkatzen ari dira. Kontentu daude bezeroekin. "Gainera lana euskaraz egin dezakegu!" gaineratu du Alzolak.