Interpretazio zentroa egiteko proposamenaren aurkezpena

Guaixe 2013ko maiatzaren 21a

Enneco, haritzaren memoria interpretazio zentroa izena du. Eta Nafarroa Bizirik Fundazioak sustatu du. Euskal Herrian dagoen hutsune handi bat betetzeko helburuz sustatu du fundazioak: gure historia eta imaginario kolektiboa jasoko dituen zentro bat egitea, gure herriaren memoria berreskuratzeko eta ezagutzera emateko asmoz. Nafarroa Bizirik-etik irudikatu duten zentroa historialari (zein jendarte-zientzietako aditu oro), euskal herritar eta bisitarien natura-topalekua izatea da.Nafarroa Bizirik fundazioak Etxarri Aranazko udalari proposatu dio zentroa herrian egitea. Zehazki, Basopokale eta Danbolintxulo lotzen dituen bidearen hegoaldean. Fundazioaren ustez, Etxarri Aranatz "oso herri egokia da horrelako proiektu bat garatzeko, Euskal Herriko hiri nagusien gurutze-bide delako, eta natura-gune bikaina duelako". Bestalde, proposatzaileen iritziz, "Sakanako herriak gure tradizioaren, historiaren, kulturaren eta hizkuntzaren lekuko paregabeak dira. Abiapuntu ezin hobea gure Herrian garrantzi handiko erreferente izango den memoria-gune hori gauzatzen hasteko".Sustatzaileen asmoa da turismo kulturalaren esparruan "erreferentziazko gunea" irekitzea: "euskaldunon herria eta izaera ezagutu nahi duen munduko bisitari ororentzat ezinbestekoa bihurtuko den azalpen gunea eskaintzea". Euskal Herriko ikasleek bertako historia ezagutzeko gunea izatea ere nahi du fundazioak. Memoriaren zentroaren sustatzaileek jakinarazi dutenez, proiektua Euskal Herri osoko herritar, talde eta instituzioen parte-hartzearen bidez landu eta finantzatu nahi dute, "auzolanaren kulturaren bidez".Ostegunean aurkezpenaEtxarriaranHazten parte-hartze planaren barnean, Nafarroa Bizirik Fundazioak, Etxarriko Udalak eta Etxarri 2012+1 ekimenak, interpretazio zentroaren proposamenaren aurkezpena egiteko batzarra antolatu dute, egitasmoa xehetasunez azaldu, eta etxarriarren usteak eta iritziak jasotzeko. Udaleko ordezkariekin batera, aurkezpenean izanen dira: Markos Erro (udaleko aholkulari juridikoa), Patxi Abasolo (Fundazioko lehendakaria), Gaizka Aranguren (proiektuaren sustatzailea), Vicente Azpilikueta (fundazioko koordinatzailea) eta Iñaki Erdozia (arkitekto etxarriarra).