Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Etxarri Aranazko Udalak 360 etxarriarrek egindako erabakitzeko eskubidearen eskaerari baiezkoa eman dio. Barcinak 10 egun ditu eskaera Espainiako Gobernuan aurkeztekoOstiraleko udal pleno berezian Etxarri Aranazko Udalak autodeterminazio eskubideari buruzko herri kontsulta proposamena tramitatzea onartu zuen, Etxarri 2012+1 herri ekimenak sustatutakoa, Bildu eta NaBairen aldeko botoekin. PPko zinegotziak kontrako boza eman zuen. Etxarri 2012+1 ekimenak egindako sinadura bilketarekin bat eginez, 360 etxarriarrek eskatu zioten Udalari autodeterminazio eskubideari buruzko herri kontsulta proposamena tramitatu dezala. Galdera ondokoa izango da: "Ados al zaude Etxarri Aranatz, Euskal Herriko udalerria izanda, Europako estatu independente berri baten parte izatearekin?"360 sinadura Hainbat etxarrriar presente zeudela eta zenbait komunikabide bertan zirela burutu zen ostiraleko pleno berezia. Etxarri 2012+1 ekimenak bere eskaeran azaldu zuenez, "zer ginen, zer garen eta etorkizunean zer izan nahi dugun izan dira gure ekimenen oinarriak. 2013an erabakitzeko eskubidea jarri nahi izan dugu etxarriarron eskura. Ariketa demokratiko bat; benetako demokrazian oinarri behar lukeen eskubidea praktikara eraman nahi dugu". Ekimenetik gaineratu zutenez, 27/2007 foru legeak dioen moduan udal erroldaren %10en sinadurak behar zituzten eskaera udalera eramateko, Etxarriko errolda kontuan hartuta 200 sinadura, baina 360 sinadura lortu dituzte, babes zabalagoa, beraz. Eta nabarmendu nahi izan zuten "herritarren arteko harremanak hobetzeko asmoz bulkatu dutela herri galdeketa, iritzi guztien errespetuan oinarritzen direlako herritarren arteko harreman zuzenak". Bildu: "Erabakitzeko eskubidea, oinarrizkoa" "Erabakitzeko eskubidea herrien oinarrizko giza-eskubidea da" nabarmendu zuen Bilduk. "Etxarriarrok, euskaldunok, badakigu eskubide hori berezkoa dugula. Euskaldunok nazio bat gara, eta nazio moduan jokatu nahi dugu gure etorkizunarekin. Gaur herrien determinazio librerako eskubidea aldarrikatzen dugu" adierazi zuten. "Bildutik argi dugu zer izan nahi dugun: Euskal Herria estatu independentea izatea nahi dugu, eta arrazoi asko ditugula horretarako: historikoak, kulturalak, linguistikoak, sozialak... " adierazi zuen Bilduko ordezkariak, eta horregatik guztiagatik baiezkoa eman ziotela Etxarrin herri-galdeketa egiteari.NaBai: "Herrien eskubidea da"NaBaik herrien autodeterminazio printzipioa "balio unibertsaleko printzipioa dela" azaldu zuen. "Demokrazia eta askatasun faltak nazio aniztasuna duten herrialdeetan tentsioa eta gaztak sortzen ditu. Herrialde batek bere etorkizunari buruzko nazio mailako eztabaida baketsua egitea desberdintasunei aurre egiteko modu arrazional eta zibilizatua da" adierazi zuen NaBaiko Arantxa Artiedak, Quebec eta Eskoziaren adibideak jarriz. Erreferendumak herritarren aurre gogoeta eskatzen duela gehitu zuen NaBaik, "eztabaida libre eta lasaia, herritar guztiak libreki hitz egin dezaten, iritzia eman, galdetu, ideiak argitu... ". Horregatik herri galdeketaren aldeko boza eman zuten. PP kontraEtxarriko PPko Antonio Extremera zinegotziak kontrako boza eman zuen. "Nafarroa Espainiako komunitatea da eta hala izaten jarraituko du. Herri kontsulta honek ezer gutxirako balioko du eta Europak ere ez du onartuko" adierazi zuen. "Sakanak arazo larriagoak ditu, langabezia edo atez atekoa, eta auzo lotsa sentitzen dut" gaineratu zuen. Bildutik Eneka Maizek galdetu zion "ea nola izan zitekeen lotsa sentiarazten zuen herri baten ordezkaria". Extremerari erantzunez, Maizek azaldu zuen "nazio bat gara eta etorkizunean hala izaten jarraitu nahi dugu. Gehiengo sozial, politikoak eta instituzionalak eskatzen duena aldarrikatzen dugu". ProzeduraEtxarriko udal ordezkariek atzo erregistratu zuten herri galdeketa egiteko eskaria Nafarroako Gobernuaren egoitzan. Yolanda Barcina presidenteak 10 eguneko epea izango du aipatu eskaera Espainiako Gobernuari egiteko, eta Ministro Kontseiluak 5 eguneko epea erantzuna emateko. Legeak dio baimenena jasoz gero, baimena jasotzen duen egunetik aurrera alkatetzak 5 eguneko epea duela herri galdeketa egiteko.