Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Carlos Apestegia Jaka asteazken gauean aske utzi zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko aurreneko aretoak, Grande Marlaskak buru duena. Apestegia 1973ko zigor kodearekin epaitu eta zigortu zuten. Zigor kodean 1995ean egindako aldaketarekin Apestegiari jarritako gehienezko 30 urteko zigorra 20ra murriztu zen. Legeak dioenez, kodearen aldaketak aplikatu behar direla presoen onerako direnean eta Apestegia horregatik gelditu da libre. Apestegiak Cadizko Puerto de Santa Maria espetxetik atera zen hainbat kartzeletan 21 urte preso egin ondoren. Atzo arratsaldean Etxarri Aranatzera iritsi zen eta bere amaren familiaren etxean gertukoekin bildu zen. Ondoren, 18:30ean, Bureinako plazan harrera egin zioten hainbat etxarriarrek. Bertsoak entzun zituen. Herrirako kide batek haen askatasuna berri ona zela adierazi zuen eta gainontzekoak ekarri arte lanean jarraitzeko deia egin zuen. Apestegiak, bestalde, senide eta lagunak eskertu zituen. Etxarritik Hernanira jo zuen eta han ere harrera egin zioten.