Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Etxarri-Aranatz Euskal Herriko udalerri modura Europako estatu independente berri baten barnean sartzearekin ados al zaude? Etxarri 2012+1 ekimenak galdera hori etxarriarrek erantzutea nahi du eta hala eskatu zion udalari. Hilaren 10ean onartu zuen udalak eskaera eta haren berri Nafarroako Gobernuari eman zion.Haren berri jaso eta gero gobernuak udalari eskatu dio herri-galdeketa egiteko udal erabakia bertan behera uzteko. Nafarroako Gobernuan uste dute galdeketa "inolako toki-eskumenekin bat ez etortzeaz gain, Estatuarena soilik den eskumena gaindituko zuelako, nazioarteko harremanak hain zuzen, eta Konstituzioaren 179.3 artikuluan jasota dagoena".Horrekin batera, Nafarroako Gobernuaren iritziz deialdiak "ordenamendu juridikoaren aurkako elementuak ditu, esaterako: Etxarri-Aranatz Euskal Herriaren barne dagoela esatea, edo Europako estatu independente berri baten barnean sartzeko aipamena". Azken hori, Espainiako Konstituzioko 2. artikuluan jasotako Espainiako Nazioaren unitate-printzipioaren aurka doala argitu du. Etxarri Aranazko Udalak herri galdeketa Nafarroako legedian oinarrituta egitea eskatu zion Nafarroako Gobernuari.Gure Esku DagoIzen hori du garagarrilaren 8an martxan jarriko den dinamikak. Egun horretan Irungo Ficobara joateko deia egin dute deitzaileek. Hiru oinarri izanen ditu: Euskal Herria nazio bat dela; etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela eta euskal herritarrek erabaki behar dutela. "Erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika zabal, transbertsal eta plurala bulkatzeko baldintza ezin hobeak" daudela iritzita sortuko da plataforma berria. Euskal Herriko hainbat herritarrek bat egin dute harekin, besteak beste Goierriko Nazioen Munduko edota Etxarri Aranatz 2012+1 ekimeneko kideak. Aurkezpenean, Manu Gomez eta Oskar Corroza etxarriarrak izan ziren.