Etxarriko interpretazio zentroaren gaineko erabakia garilerako

Guaixe 2013ko maiatzaren 29a

Aurreko ostegunean 80 bat pertsona (etxarriarrak eta ingurukoak) bildu ziren Etxarri Aranazko kultur etxean Enneco, haritzaren memoria interpretazio zentroaren aurkezpenean. Proiektua landu duen Nafarroa Bizirik fundazioko ordezkaritza zabala etorri zen. Fundazioa une honetan arlo ekonomiko, tekniko eta bestelakoetan bideragarritasun plana diseinatzen ari da. Plan hori bukatzeko lur sail bat utziko dion udal baten abala behar du fundazioak. Horregatik, egin dio proposamena Etxarri Aranazko Udalari. Honek onartuko balu aldeek hitzarmena sinatuko lukete. Iñaki Erdozia arkitekto etxarriarrak interpretazio zentroko eraikinen eta proiektu arkitektonikoen diseinua egin du.Etxarriko Udaleko aholkulari juridikoak eta alkateak azaldu zuten Ingurumen Departamenduan ez dutela eragozpenik ikusi proiektua egiteko. Jasotako proposamena egingarria dela ikusita, udalak osteguneko batzarra deitu zuen, proiektuaz informatzeko eta herritarren iritzia jasotzeko. Lan talde irekiaOstegunean izan ziren guztiak bilera gaia landuko duen talde batean parte hartzera gonbidatu zituen udalak eta 17k eman zuten izena. Baina lantaldea irekia da eta interesatuek udaletxean eman dezakete izena. Eneka Maiz zinegotziak azaldu digunez hiru egiteko izanen dituzte: batzarrean esandakoak baloratu, batzarrean egindako proposamen eta iradokizunak kontuan hartu eta, azkenik, proiektua babestu nahi den erabakia eta, horrekin batera, hitzarmen zirriborroa aztertu. Garagarril-garilerako erabaki bat hartzea nahi lukete udalean. Argi berdea jasoko balu aldeek hitzarmena sinatuko lukete. Udalak lurra utziko luke bideragarritasun plan hori egiteko. Hura sei hilabetetan despedituta egonen litzateke. Udalak bideragarritasun plana aztertu eta kontrastatuko luke eta egoki joko balu lanak hasteko baimena emanen luke. Etxarri Aranazko Udalak lurra besterik ez luke utziko, dirurik ez. Maizek azaldu digunez,"Euskal Herri mailako proiektua da. Nafarroa Bizirik-en asmoa da proiektua udal, elkarte eta abarrek babestea da. Etxarriko Udalak beste edozeinen moduan lagunduko luke. Egitasmoak huts eginen balu lurra udalarena izaten segituko luke". AsmoaFundazioko kideek azaldu zutenez, Interpretazio zentroaren proiektua, edukia eta planteamendua, nahiko garatuta eta onduta dago. Maiz esan digunez, "hara ez da hara gauzak ikustera joatea. Elkarrekintzaren bidez, tailerren bidez Nafarroako eta Euskal Herriko historia ikastea da helburua. Guztia basoan integratutako eta hainbat modulu dituen ibilbide batean".