Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lehena, herriko patroia, gaur ospatuko dute Etxarrin. Eguerdian meza izanen da eta hura despedituta, eliza kanpoko aldean herriko soroak bedeinkatuko dira, uzta ona emateko eskaera eginez. 19:00ak aldera,etxajua lehertzearekin batera koadrilen merendu-afariak hartuko ditu Andra Mari ermita inguruak. Handik jaso Dantzakia dantzatu ondoren, kalejirak plazara jaitsiko ditu etxarriar asko. Trikiteens taldeak 20:00etatik 21:00etara eta 22:30etik 2:30era. Baina eguraldiak jasotzen badu, animosoenak kantuan edo hizketan geldituko dira. Eta gaurkoaren ondoren, igandean, San Adrian txanda izanen da, etxarriarrek estimu handian duten eguna. 9:00etan udala, txistulariez lagunduta, beheko basoko bidea hartuko du. 10:30 aldera, fritada izanen da (haragi gisatua eta zopa). Sabeleko zuloa berdindu ondoren ardo kupelaren (eta alkoholik gabeko edarien) inguruan bilduko dira mordo bat. Besteak, nor bere mahaian, bazkaria prestatzeko eta hizketan aritzeko. Eguerdian ermitan meza izanen da.Bazkaldu ondoren, 18:00etan, txistulariek mahaiz mahaiko erronda eginen dute eta dantza saioak izanen dira han-hemen. Dantzakia dantzatu ondoren Gernikako arbola kantatu eta kalejira amaigabean herrirako bidean abiatuko dira etxarriarrak. Gauerdi aurretik herrira iritsiko dira. Plazan Trikidantz taldearen doinuak izanen dira 20:30etik 21:30era eta 22:30etik 3:00etara.