Etxarri Aranazko abesbatza lehiaketetara bueltan

Guaixe 2013ko ekainaren 11

San Vicente de la Barquerako XLVI. marinel abestien lehiaketan parte hartuko du Etxarri Aranazko abesbatzak. Garilaren 6an eta 7an izanen da. 2007an Ejea de los Caballeros eta Burgosko lehiaketetan parte hartu ondoren abesbatza etxarriarra ez da gehiago lehiatu, Euskal Herrian eta atzerrian kontzertuak eskaini eta beste erakundeekin elkarlanean aritu izan da. Baina abesbatzako batzorde teknikoak lehiaketa batera joatea buruan zuen eta Kantabriakoa, datengatik, egokia zela adostu zuen. Gainera etxarriarrek badakite han irabaztea zer den, 1995ean txapela eskuratu baitzuten. Beteranoek gogoan dute oraindik abesteko tokia, zoragarria omen. Lehiaketara aurkeztu beharrak piztu egin ditu abeslariak eta ilusio gehigarria ere badago: abesbatzan aritutako hainbati laguntza eskatu diote lehiaketan parte hartu ahal izateko eta ezezko gutxi jaso dituzte. Hala, guraso izan direnak edo denbora faltagatik korala utzi zutenak berriro ere kantatzen ari dira. LehiaketaKantabriako lehiaketak bi zati izanen ditu. Aurreneko egunean, larunbatean, abesbatza guztiek Antonio Nogueraren Tu mano kantatu beharko dute. Horrekin batera, marinel-abesti bat eta koral bakoitzaren esku dagoen hirugarren kantu bat ere abestu beharko dute. Hiru kantu horien balorazioa eginen du epaimahaiak eta horren arabera banatuko dira sariak. Bigarren egunean, igandean, ikusleen saria emanen da. Horretarako, abesbatza guztiek nahi dituzten bi abesti kantatuko dituzte.