Errete batek kixkalitako Ciclos Muruzabal laguntzeko ekimena martxan

Guaixe 2013ko ekainaren 20a

Aurreko astean Barañaingo Ciclos Muruzabal txirrindulari dendan sutea piztu zen eta denda ia guztia erreta gelditu zen. Aipatu denda Joxi Lazkoz etxarriarrak kudeatzen du, bere arreba eta anaia batekin batera. Guztia eraberritu arte buru-belarri lanean ari dira lazkoztarrak. Txirrindulari askok jotzen dute aipatu dendara bizikletak erosi eta bizikletak puntuan jarri eta konpontzera. Horrela, hainbat txirrindularik elkartasuna adierazi nahi izan diete Ciclos Muruzabal denda kudeatzen duten etxarriarrei "edozein arazo mekaniko izan dugunean beti Joxiren laguntza jaso dugulako eta berak munduko ordu guztiak eskaini dizkigulako guri laguntzen". Horrela, "Ayuda Ciclos Muruzabal" komunitatea sortu dute facebooken. Kontu korronte bat zabaldu dute Euskadiko Kutxan, ondoko zenbakia duena: 3035 0101 98 1011056909. Bertan dohaintzak jasotzen dira, Ciclos Muruzabal lehenbailehen martxan jartzeko laguntzera bideratuko dena.