Aldazen erakusketa Bruselan

Guaixe 2013ko ekainaren 20a

Pausu eta hazbete artean (Between steps & inches) izenburua eman dio Laida Aldaz Arrieta etxarriarrak Bruselako De Kriekelaar kultur gunean jarri duen erakusketari. Adriana Sotelo Ramirezekin batera sortu du erakusketa (2007tik ari dira elkarlanean). Hutsik dauden espazioetan asmatutako eszenatokiak sortzen ditu erakusketak. Eta horretarako eguneroko objektuak dira abiapuntua, etxe bateko gelak eta egoerak islatzen dute. Aldazek artilez egindako amomak objektuetatik sorrarazten ditu, haiek espazioarekin konektatuz eta bien arteko elkarrizketa sortuz. Bien arteko ekintza sortzen dute amomek, baina aldi berean, denbora gelditzen dute. Erakusketa espazioetara egokitzen da, beraz bakoitza bakarra eta errepika ezina da. Ondorioz, proposamena etengabeko eraldaketan dago. Azken urteetan Aldaz espazioa, objektuak eta gorputzen arteko erlazioaren gainean lan egiten ari da. Hiru elementuetako bat aldatzean egoerak har ditzakeen esanahiak ikertzen ari da. Aipatu erakusketa maiatzaren 15ean zabaldu zen erakusketa eta gaur arte egonen da ikusgai. Erakusketa horrek 2009an Nafarroako Artista Gazteen Lehiaketako Arte Plastikoetako bigarren saria eskuratu zuen. IbilbideaLaida Aldazek dantza klasikoko eta garaikideko ikasketak egin zituen Iruñean, Nafarroako Dantza Eskola Ofizialean. Ondoren, Bruselako nazioarteko dantza garaikideko Parts eskolan jarraitu zuen prestakuntza. Gaur egun dantzari profesionala da eta Belgikan bizi da. David Zambrano, Julyen Hamilton, Mat Voorter, Irma Firma, Enclave Dance Company, Cacao Bleu, Zoo dance company-Thomas Hauert eta beste hainbatekin kolaboratu du. Dantza garaikidean sakontzeko nahiak beste zenbait arte adierazpenean janztera eraman du, arte plastikoak eta ikus-entzunezkoak esaterako. Hainbat sari eta diru-laguntza jaso ditu eta bere lanak nazioartean eman dira: Japonia, AEB, Belgika, Espainia, Portugal, Alemania, Ingalaterra...