Hondakinei buruzko galdeketa legegintzaldi honetan eginen da, orain ez

Guaixe 2013ko ekainaren 20a

Aurreko astean udalbatzak atzera bota zuen NaBaik hondakin sistema bilketaren inguruan aurkeztutako mozioa. Koalizioak proposatu zuen etxarriarren artean zuzeneko informazio kanpaina egitea eta haren bidez atez ateko sistema, konpostatzea eta beste frakzioendako edukiontzi sistema azaltzea. Horrekin batera, herritarren iritzia ezagutzeko NaBaik herri galdeketa loteslea egitea proposatu zuen. NaBaiko bik (bestea ez zen joan) eta PPkoak aldeko botoa eman zuten, ez horrela Bildukoek. Birziklatze tasa handitzeko NaBaik hondakin organikoak hiru modutara jasotzea proposatu zuen: konposta, auzo-konpost guneak eta 5. edukiontzia erabiliz. "Informazio eta laguntza egokia emanez gero, baliozko aukera izan liteke, eta atez ateko sistemak baino eragozpen eta deserotasun gutxiago sortuko lieke bizilagunei haien eguneko ohituretan". Horrela, bizilagunek frakzio organikoko zaborrak  botatzeko ordutegi askatasuna izanen lituzketela argudiatu zuen koalizioak. Beste hondakinetarako edukiontziak gune itxietan jartzea proposatu zuen NaBaik. "Gune bakoitzeko edukiontziek giltza desberdina izango lukete, eta horrek bizilagunei zaborra botatzeko ordutegi askatasun handiagoa izanen lukete".  Mank-ek halakoak Arakil, Irañeta, Arruazu, Ergoiena eta Ziordin jarriko dituela azaldu zuen. NaBaik gogora ekarri zuen lastailean aurkeztu zuela hondakin bilketa sistemari buruzko mozioa eta mahai gainean utzi zela Bildurekin izanen ziren elkarrizketen bidez bi taldeen arteko sistema adostua lortzen zuten jakin arte. Bilduren iritziaKoalizioak herri galdeketaren aldeko bere jarrera berretsi zuen. Baina hura parte hartze prozesu baten kate-begi baten moduan ikusten dutela adierazi zuten. Heziketa prozesu baten eta mentalitate aldaketa baten ondoren herri galdeketa egitearen alde azaldu ziren Bildutik. "Orain jendeak ez du ziurtasunik edo erresistentziak daude". Martxan jarriko den oraingo prozesua hasiera besterik ez dela azaldu zuten koaliziotik, "gero aldatu daiteke". NaBairekin adostu bezala, legegintzaldia despeditu aurretik herri-galdeketa eginen dela ziurtatu zuten. Bestalde nabarmendu zuten Etxarri egin diren 9 herri batzarretan eta batzordean galdeketa baten beharrik ez dela sumatu. Bestalde, NaBairekin ezarriko den sistema mistoaren adostu zutela esan zuten Bildutik. Baina NaBaiko udal taldean kide batek batzordean jarraitzen duen bitartean beste bik helburu politikoengatik utzi dutela nabarmendu zuten. Aldi berean, gogora ekarri dute irailean Sakanako Mankomunitatean hondakin bilketa martxan jartzea erabaki zenean NaBaiko kideek ez zutela kontrako botoa eman.