Herri galdeketa egiteko asmoa berretsi dute

Guaixe 2013ko ekainaren 24a

Nafarroako Gobernuari, Foru Legeak agindu bezala, herri-galdeketa eskaera tramitera onartu dezala eskatu dioteEtxarri Aranazko Udala eta Etxarri 2012+1 ekimenak, makina bat etxarriarren babesaz, berretsi dute herri herri-galdeketa egiteko eskaerarekin aurrera segitzen dutela. Herritarrek honako galdera erantzutea nahi dute: Etxarri-Aranatz Euskal Herriko udalerri modura Europako estatu independente berri baten barnean sartzearekin ados al zaude? Udalak gehiengo osoz hartu zuen erabakia. Galdeketetarako Nafarroako araudia segituz sinadura bildu ziren Etxarri Aranatzen, baina Nafarroako Gobernuak legea bete gabe, udal akordioa bertan behera uzteko eskatu zuela salatu zuten ostiralean. Foru administrazioaren egiteko bakarra da Espainiako Gobernuari dokumentazioa bidaltzea, baimen eskaera egiteko eta haren erantzuna udalari jakinarazi dio. Beraz, "Nafarroako Gobernuak ez du inolako eskumenik herri-galdeketa ez baimentzeko ez ukatzeko" esan zuten udaletik. Horrekin batera, salatu zuten Barcinaren kabineteak Etxarri Aranazko Udalaren osoko bilkura bertan uzteko eskumenik ez duela eta hori udalak bakarrik duela nabarmendu zuten. Udaletik, aldi berean, salatu zuten "Barcinak eta bere alderdiak, berriz ere, boterea euren alderdikeria eta inposaketa ideologikoa gauzatzeko erabili dute". EkimenetikEtxarri 2012+1 herri ekimenetik gogora ekarri zuten herri galdeketa sustatu zutela, "aldarrikapen prepolitiko bat delako, oinarri demokratiko at sortzearen aldekoa eta sentsibilitate guztien topaleku". Ekimeneko kideek gaineratu zuten, galdeketa "erabakitze eskubidearen defentsa jardun demokratikoa dela". Eta herritarrei bere etorkizuna erabakitzeko hitza ematea bai demokratikoagorik ez dagoela adierazi zuten. Erabakitze eskubidearen aldeko atxikimendu pertsonal eta taldekakoak metatuz eta antolatuz jarraituko zutela gaineratu zuten.