Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nafarroako Gobernuak jakinarazi du administrazioarekiko auzien epaitegira eramanen duela Etxarri Aranazko Udalak maiatzaren 10ean hartutako erabakia, "independentziaren inguruan toki-eremuko herri-kontsulta bat egitearen aurka". Aurretik, maiatzaren 23an, Nafarroako Gobernuak Etxarri-Aranazko Udalari eskaera egin zion hamar eguneko epean udal batza hura baliogabe utz zezan. "Epea igarota, eta Nafarroako Gobernuak egindako eskaeren aurrean Etxarri Aranazko Udalak erantzunik ez ematean, Gobernuak jarduketa hori Administrazioarekiko auzien eskumenaren eskutan jartzea erabaki du". Foru administraziotik argudiatu dutenez, "herri-kontsulta hori inolako toki-eskumenarekin bat ez etortzeaz gain, Estatuarena soilik den eskumen bat urratuko zuela". Nafarroako Gobernuak uste du deialdiak ordenamendu juridikoaren aurkako elementuak dituela, Etxarri-Aranatz Euskal Herriaren barnean dagoela adieraztea, esaterako, edo "Europako estatu independente berri" baten barnean sartzeko aipamena, ez duena identifikatzen eta, izatekotan, Magna Cartaren 2. artikuluan jasotako Espainiako Nazioaren unitate-printzipioaren aurka doana.