Enneco interpretazio zentroari baiezkoa

Guaixe 2013ko uzt. 4a, 18:18

Nestor Basterretxea erdian, hainbat lagun inguruan dituela. Atzean, Enneco hartuko duen eremua.

Astelehenean egindako bilkuran Etxarri Aranazko Udalak Enneco, Haritzaren Memoria interpretazio zentroa herrian egitea adostu zuen. Udalak "bere esku dagoen guztia eginen du, legalitatea muga izanik, proiektu hura aurrera ateratzeko". Bilduk eta NaBaik alde bozkatu zuten eta PPk kontra.

Udalak erabakitakoaren arabera zentroa sustatzen duen Nafarroa Bizirik fundazioarekin batera lantaldea osatuko du. Lur saila eta bere erabilera zein baldintzatan utzi erabaki eta hitzarmen batean jasoko dute.

Hitzarmena
Agirian jasoa geldituko da Etxarri Aranazko Udala historia turismoaren bultzatzaile dela, "gainera ekonomia jarduera baten jatorria izan daiteke". Etxarri Aranazko hirigintza planean aldaketa puntuala eginen da, aurreikusitako eremuaren kalifikazio aldaketa egiteko.

Nafarroa Bizirik fundazioa, bestalde, "proiektua adostutako moduan garatzea behartzen du bere burua. Horrela ez bada, Udalak konpromisoak deuseztatzeko eskubidea eskuratzen du". Hirigintza aldaketak udalak bere izenean egiteko aukera baditu ere, kostuak fundazioak ordainduko ditu. Planteamendu aldaketa behin betiko onartuko ez balitz hitzarmena automatikoki indarrik gabe geldituko da. Hilabete akaberako bilkuran onartu nahi du hitzarmen hori udalak.

Parte hartzea
Erabakitakoa parte hartze prozesu baten ondorioz izan dela azpimarratu nahi izan dute udaletik. Gogora ekarri dute maiatzaren 23an interpretazio zentroaren jendaurreko aurkezpena egin zela lehenik eta ondoren, garagarrilaren 25eko bilera irekian, 30 bat etxarriarrek euren ekarpenak egin zituztela. Horretan oinarrituta hartu du erabakia udalak.

Basterretxea
Asteartean izan zen Etxarri Aranatzen Nestor Basterretxea eskultorea. Harekin batera Nafarroako artearen ordezkaritza bat izan zen: Ramon Anda (eskultorea), Xabier Morras (pintorea), Josu Reparaz (Arbizuko arte aditua), Jaione Apalategi (NUP-eko irakaslea eta Jorge Oteiza fundazioko kidea) eta Pello Iraizoz (hargina). Joxi Bakaikoa alkateak, Eneka Maiz zinegotziak eta Amaia Ijurra kultur teknikariak egin zieten harrera.

Udaletxean, Nafarroa Bizirik fundazioko koordinatzaile Vicente Azpilikuetak egitasmoari buruzko beharrezko azalpenak eman zizkien. Ondoren hura kokatuko den parajea ezagutu zuten. Ideia Basterretxearen gogoko izan zen eta interpretazio zentrorako obra bat donatuko duela jakinarazi zuen. Interpretazio zentroa martxan jartzeko ekimen guztietan kolaboratzeko asmoa azaldu zuen.