Zilarrezko lira Etxarri Aranazko abesbatzarendako

Guaixe 2013ko uztailaren 11

Asteburuan jokatu den San Vicente de la Barquerako XLVI. marinel abestien lehiaketa Madrilgo Ganbera Abesbatzak irabazi du. Etxarri Aranazko abesbatzak bigarren saria eskuratu zuen (zilarrezko itsas lira eta 2.400 euro). Horretaz gain, Alejandro Yagüeren Dos olas marinel-abestiarekin interpretazio onenaren saria (600 euro) eskuratu zuen Etxarri Aranazko abesbatzak. Bi sari aldean zituztela, etxarriarrak pozik bueltatu ziren Kantabriatik. Lehiaketara abesbatza bakoitzak aukeratutako pieza bat eraman behar zuten eta bai madrildarrek bai etxarriarrek pieza zail bera aukeratu zuten: Einojuhani Rautavaararen Suite de Lorca. Halakoetan, epaimahaiak interpretazioak konparatzeko aukera duenean, interpretazio hori bihurtzen da bi abesbatzen arteko lehiaren ardatz. Larunbateko ekitaldian bi abesbatzek ez zuten interpretazioa guztiz borobildu, hala ere, bien kantaldiak podiumaren goiko aldera eraman zituen. Igandean publikoaren saria erabaki zen Guadalajarako Kromatikak eskuratu zuena. Alejandro Yagüek, Antonio Noguerak, Eva Urraldek, Esteban San Velezek eta Jose Esteban Garcia Mirandak osatu zuten epaimahaia.Hurrengo lehiaketa batean parte hartzeko grinaz bueltatu dira etxarriarrak. Pozik ere abesbatza indartzeko batutako abeslariren batek segitzea erabaki duelako.