Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nafarroako Binakako Aizkora Txapelketa1.Larretxea-Rekondo (22:04)2.Nazabal-Erasun (22:18)3.Senosiain-Lopez Azpilikueta (25:18)Igandean Nafarroako Binakako Aizkora Txapelketa jokatu zen Iruñean, sanferminetako herri kirol programazioko azken egunean. Hiru biko aritu ziren: Jon Rekondo-Donato Larretxea, Antonio-Senosiain-Juanjo Lopez Azpilikueta eta Floren Nazabal-Ander Erasun. Bikote bakoitzak 12 enbor erdibitu behar zituen: 6 kanaerdiko eta 6 60 ontzako. Mila pertsona luze batu ziren finala jarraitzera, eta gozatu ederra hartu zuten, final dotore eta ikusgarria izan baitzen. Beroari aurre eginez, lanean hasi ziren hiru bikoteak. Erasunek eta Nazabalek hasieratik hartu zuten aurrea, baina Larretxea-Rekondo oso gertu zituztela. Senosiain eta Juanjo Lopez hasieratik geratu ziren atzean. Nahiz eta beroak estutu, erritmo berberari eutsi zioten Erasunek eta Nazabalek, eta, gauzak ongi, txapeldun izango zirela aurreikusten zen. Baina azken enborrean ezustekoa gertatu zen. Larretxeak eta Rekondok abiadura azkartu eta irabaztea lortu zuten (22:04), Nazabali eta Erasuni 14 segundo eskas aurreratuta (22:18). Oso gutxigatik, baina txapelak ihes egin zien Nazabali eta Erasuni azken txanpan. Kadeteen trontza txapelketa ez da Sakanara etorriOstegunean Nafarroako Kadete Mailako Trontza Txapelketa jokatu zen sanferminetan. Hiru biko aritu ziren, horietatik bi Etxarriko Andra Mari ikastolakoak, Garat Flores-Adrian Joao eta Gari Satrustegi-Izai Mauleon, eta Basaburua-Baztaneko Eneko Irigoien-Ekaitz Maritorenak osatu zuten parte-hartzaileen zerrenda. Etzanda jarritako 100 zentimetroko enborrari 10 epai moztu behar zizkioten. Txapeldunak, merezitasun handiz, Eneko Irigoien eta Ekaitz Maritorena izan ziren (4:31). Minutu pasako aldea atera zieten Gari Satrustegi-Izai Mauleoni (5:54). Garat Flores eta Adrian Joao izan ziren azkenak (7:05).