Zorri azoka, merkatu soziala: elkarlanetik sortuta

Guaixe 2013ko uzt. 30a, 08:46

Agorrilaren 2an, ostiralean, 17:00etatik 21:00etara Etxarri Aranazko plazan eginen da estreinakoz. Hileko lehen ostiralero errepikatuko da Sakanako ekoizleak, erakundeak eta artistak biltzen dituen ekimena.

Hainbat jendek elkar hartu eta Zorri azoka antolatu dute. Eta egitasmoari zehaztasun gehiago emateko azoka soziala izendapena gaineratu diote, "ez delako merkatu arrunta izanen" azaldu du haren sustatzaileetako batek, Alaznek, Beleixe Irratian (FM 107,3). "Bertako produktuak eta bertako jendea mugituko duen azoka bat da. Baina, horretaz gain, topagune bat izateko asmoa genuen".

Hala, salerosketara mugatzen den azoka bat baino zerbait gehiago izanen da Zorri azoka, azoka soziala: sakandarren topagunea izanen da. Baita hainbat erakunderen erakusleihoa ere. Zorri azoka mugimenduan dagoen zerbait ireki eta parte-hartzaile gisa definitu dute sustatzaileak: "edozein herritarrek parte hartu dezake jardueretan: postu bat jarriz, erosiz, erakunde baten kide izanda haren berri zabaltzea..."

Salmenta postuetan Sakanako ekoizleak edo artisauak egonen dira eta haiekin zuzeneko harremana izateko aukera izanen dute bisitariek, haren produktuen sortze prozesua ezagutzeko esaterako. Zorri azokan, azoka sozialean aparteko tokia izanen dute arte adierazpenek. Aurrenekoan zuzeneko musika izanen da. Hilero aldatuz joanen da: antzezpen txiki bat, koadro erakusketa, hitzaldia...

Helburuak
Ekimenak Sakanako ekonomia bultzatzea du helburu. Horretarako ibarreko produktuak kontsumitzea bulkatu eta haren sustapena eginen du, "kalitatezko produktu oso onak daudelako hemen". Aldi berean, "apalago egon diren bertako nekazaritza, abeltzaintza eta artisautza, artea orokorrean, bultzatuko ditugu".Horrekin batera, Zorri azoka, azoka sozialetik ingurumenaren zainketa eta errespetaturako deia zabalduko da. Sakandarren arteko harremanak eta elkar-laguntza bultzatzea da lortu nahi duten beste helburuetako bat.

Hilean behin antolatu nahi lukete azoka. "Sakana guztitik jendea etorrita, herrian bestelako bizia legoke eta horrek Etxarriko dendek, tabernak bultzada" emanen liekeela adierazi du Alaznek Beleixe Irratian (FM 107,3). Bestalde, erakundeendako erakusleiho izan daitekeela uste dute sustatzaileek, izan ere, haien ikastaroak, hitzaldiak, propaganda azokan bertan zabaldu liteke. Artearendako erakusleiho bat ere zabaldu nahi da Zorri azoka, azoka sozialaren bidez.

Parte-hartzaileak
Zorri azokan, azoka sozialean Sakanako nekazariak eta abeltzainak (ekologikoa edo/eta bertakoa), ibarreko artisauak eta artistak, Marokoko pasta eta ogi egileak, Etxarriko Udala eta eskualdeko gizarte zerbitzuen mankomunitatea eta Sakanako erakunde publiko zein pribatuak izanen dira. Gainera, antolatzaileek hilero kanpoko gonbidatuak ekarriko ditu, izan ekoizle (ardo ekologikoa) edo artista. Zorri azokan, azoka sozialean egon nahi duenak hura sustatzen duen taldean lan egitea ezinbestekoa da. Denen artean banatu dute sortu den lana eta denen artean hartzen dituzte erabakiak. Ekimenean interesa duenak eta parte hartu nahi duenak agorrilaren 2an izanen du antolatzaileekin harremanetan jartzeko aukera.

Aniztasunetik
Beleixe Irratian (FM 107,3) Alaznek azaldu du nola iritsi diren Zorri azoka, azoka soziala antolatzera: "Etxarri Aranatzen Ranblak antolatzen hasi ginen. Azkenean eguraldiagatik bertan behera gelditu ziren. Garai berean azoka sozialak sortzen hasi zirela ikusi genuen. Haiei buruzko informazioa jaso genuen. Bestetik, Lugorriko, produktu ekologikoen kontsumitzaile taldekoa eta Belardikoak zeuden. Hainbat talde eta jenderen nahasketatik sortu da".

Haien inguruan "harrikada" zabaltzen hasi ziren; jendeak ideia ontzat jo zuen. Etxarri Aranazko Udalari aurkeztu eta "pila bat gustatu" zitzaion, "gainera gai horrekin zerbait egiten hasteko asmoa zuten".

Antzeko kezka zutenen elkartzetik sortutako ideia Sakanara zabaldu dute. Artisauen, abeltzainen artean elkar ezagutzen dute. Altsasuko Amai taldeak baratze ekologikoa izateaz gain, ikastaroak antolatzen dituzte; artelanak... "Haien kasuan, barazki ekologikoak ekarriko dituzte, baina antolatzen dituzten ikastaroei bultzada eman nahi zaie".

Truke txokoa
19:00etatik 20:00etara sakandarrek gauzak eraman eta han dauden beste objektuengatik trukatzeko aukera izanen dute. Mahai pare bat jarriko dira eta han eginen da trukea. Bakoitzak zer eraman duen eta zer behar azaltzeko modua izanen da. Eta unean trukea sortzen ez bada, harremana sortua dago eta trukea beste egun batean egin daiteke. Sakandarren arteko harremana sustatzeko modua izan nahi du txoko horrek.