Zorri azoka, produktuak baino gehiago, topagunea

Guaixe 2013ko irailaren 6a

Hileko aurreneko ostiralarekin batera bueltan da azoka soziala, Zorri Azoka. Agorrilean mustu zen ekimena. Sakanako ekoizleen, artisten eta artisauen erakusleiho izan nahi du. Helburuetako bat bertako produktuak bultzatzea da, hala Sakanako ekonomia sustatzeko. Ibarrean kalitatezko produktuak daudela nabarmendu dute antolatzaileekEkoizle, artisau eta artistak euren mahaietan izanen direnez, haien eta herritarren artean elkarrizketarako gune ere izan nahi du ere Zorri Azokak. Hala azaldu zuen Mirenek, antolakuntzan dagoen artisauetako batek Beleixe Irratian (FM 107,3). Edozeinek parte hartu dezake, baina antolakuntzan lan egitea dakar horrek. Mirenek gaineratu zuenez sakandarrek lehen sektoreko ekoizleengana jo eta haien produktuak erosteko ohitura badugu, baina artisau baten etxera bere produktuak zein diren erakusteko eskatuz joateko ohiturarik ez dugu. "Eta agian dendan baino askoz ere merkeago eros liteke, baina erreparoa ematen digu etxera joan eta galdetzea". Azoka baino gehiagoFruitu eta barazki ekologikoak, bitxikeriak, bertako produktuak, margolanak... izan ziren aurreneko azokan. Antolatzaileek gonbidatuta ibarrean ez dauden produktuak ere eskuratzeko aukera izanen da. Gaur, esaterako, ardo ekologikoa salgai egonen da eta ardogileari ekoizpen prozesuaz galdetzeko aukera ere. Gainera, Yoseikan budo erakustaldia ere izanen da azoka dagoen bitartean. Aurreneko edizioan Etxarriko gaiteroak izan ziren azoka soziala girotu zutenak. Truke gunea ere izanen da. Azoka sozialera edozeinek bere gauzak (arropa, objektuak, liburuak...) eraman ditzake, trukatzeko. Mirenek Sakanako irrati euskaldunean zehaztu zuenez, 19:00etatik 20:00etara izanen da horretarako aukera. Horretarako mahai pare bat izanen dira.