Egoi Martinez Mundialera

Guaixe 2013ko irailaren 19a

Asteburuan Txirrindularitza Mundiala jokatuko da Florentzian. Espainiako selekzioko selekzionatzaile Javier Minguezek 11 txirrindulariko taldea osatu du, eta tartean dago Euskaltel-Euskadiko Egoi Martinez. Txirrindulari etxarriarra zenbaitetan Mundialetarako aurre selekzioko taldean egon izan da, lesioren bat egonez gero erretserba moduan, baina orain arte ez da Mundialerako taldean sartu. Mundialetan arituko den bigarren sakandarra izango da, 2010etan eta 2011n Hiriberriko Imanol Erbiti aritu baitzen Mundialetan.  35 urterekin debutatuko du Mundialetan. Igandeko proban ariko da, 272,3 km dituen lasterketan, Alejandro Valverde, Jose Herrada, Jonathan Castroviejo, Samuel Sanchez, Purito Rodriguez, Dani Moreno, Alberto Contador eta Luis Leon Sanchezekin batera. Larunbateko erlojupekoan Jonathan Castroviejok eta Luis Leon Sanchezek ordezkatuko dute Espainia Mundialetan. Sekulako Espainiako Vuelta egin du Martinezek eta Mundialetara joatea egindako lanaren sari bikaina da. Berria oso pozik hartu du etxarriarrak. "Oso kontentu nago. Betidanik gustatu izan zait Mundialean parte hartzea, eta aukerarik ez nuela uste nuenean, 35 urterekin iritsi zait proposamena. Ilusioz gainezka noa, hau sari bat dela uste dudalako, liderren alde taldekideek egiten dugun lanaren errekonozimendua. Selekzionatzaileak hori ikustea eskertzekoa da" adierazi du etxarriarrak komunikabide batean. Berak argi du gainontzekoei laguntzera doala Florentziara. Igandekoa lasterketa oso luzea da eta "gogoekin eta sasoian egotea" ezinbestekoa da Egoirendako. Vueltan egindako iraupen lana ongi etorriko zaio.