Autodeterminazioari buruzko udal erabakia zuhurtziaz indargabe utzi du epaitegiak

Guaixe 2013ko irailaren 19a

Iruñeko administrazioarekiko auzien 2. epaitegiak hartu du erabakia, Nafarroako Gobernuak hara jo ondoren. Behin betiko epaia eman arte hartu du neurri hori epaitegiak, eta udalari kostak ordainarazi dio ere. Etxarri 2012+1 ekimenak erabakitze eskubidearen inguruan ariketa praktikoa egitea proposatu zion Etxarri Aranazko Udalari. "zer ginen, zer garen eta etorkizunean zer izan nahi dugun izan dira gure ekimenen oinarriak. 2013an erabakitzeko eskubidea jarri nahi izan dugu etxarriarron eskura. Ariketa demokratiko bat; benetako demokrazian oinarri behar lukeen eskubidea praktikara eraman nahi dugu".Ekimenak 27/2007 foru legeak dioen moduan udal erroldaren %10en sinadurak behar zituzten eskaera udalera eramateko, Etxarriko errolda kontuan hartuta 200 sinadura; 360 sinadura lortu zituzten, babes zabalagoa, beraz. Eta nabarmendu nahi izan zuten "herritarren arteko harremanak hobetzeko asmoz bulkatu dutela herri galdeketa, iritzi guztien errespetuan oinarritzen direlako herritarren arteko harreman zuzenak". Gauzak horrela, 360 etxarriarrek eskatu zioten udalari autodeterminazio eskubideari buruzko herri kontsulta proposamena tramitatu dezala. Galdera ondokoa izango da: "Ados al zaude Etxarri Aranatz, Euskal Herriko udalerria izanda, Europako estatu independente berri baten parte izatearekin?" Etxarri Aranazko Udalak gaia aztertzeko bilkura berezia egin zuen maiatzaren 10ean eta gehiengo osoz onartu zen. Gobernuaren argudioakUdal erabakiaren berri izan ondoren, maiatzaren 23an, Nafarroako Gobernuak Etxarri Aranazko Udalari eskaera egin zion hamar eguneko epean udal batza hura baliogabe utz zezan. "Epea igarota, eta Nafarroako Gobernuak egindako eskaeren aurrean Etxarri Aranazko Udalak erantzunik ez ematean, epaitegira erabaki du".Foru administraziotik argudiatu zutenez, "herri-kontsulta hori inolako toki-eskumenarekin bat ez etortzeaz gain, Estatuarena soilik den eskumen bat urratuko zuela". Nafarroako Gobernuak uste du deialdiak ordenamendu juridikoaren aurkako elementuak dituela, Etxarri-Aranatz Euskal Herriaren barnean dagoela adieraztea, esaterako, edo "Europako estatu independente berri" baten barnean sartzeko aipamena, ez duena identifikatzen eta, izatekotan, Magna Cartaren 2. artikuluan jasotako Espainiako Nazioaren unitate-printzipioaren aurka doana".