Konzezio ermitaren zaharberritzea bihar mustuko dute

Guaixe 2013ko irailaren 20a

Lan askoren ondoren despeditu dira Konzezio ermita berreskuratzeko lanak. Asmo horrekin elkartu ziren orain dela sei urte etxarriar talde bat eta Konzezio Baselizaren Lagunak taldea sortu zuten. Egitekoa bukatu ondoren, pozik daude taldeko kideak, lana egiteko etxarriarrek parte hartu duelako, argi baitute haiek bakarrik ezinen zutela, bestela, halako lanik egin. Zaharberritzea aurrera atera duten guztiei eskerrak eman dizkiete. Asko izan dira Migel Anjel Sagasetak idatzitako liburua edo loteria erosi dutenak, haien ekarpena Nafarroako Kutxako proiektuan egin dutenak edo zuzenean dirua eman dutenak. Gainera, udalaren, parrokiaren eta Etxarri Aranazko Abesbatzaren laguntza (eguberritako hiru kontzertutakoa egitasmorako izan da). Jendeak debozioa duela eta ermitarekiko lotura dagoela (jende askok paseatzen du handik) argi ikusi dute taldean. Inork galderarik badu erantzuteko prest ere azaldu dira.Lau zatitanKonzezio Baselizaren Lagunak 2007an sortu bazen ere, ermitan aurreneko lanak 2009an egin ziren. Teilatua, bobeda eta estalpea konpondu zituzten orduan. 2010ean ermitaren kanpoko eta barruko fatxadak konpondu ziren. 2012ko ilbeltzean jubilatu elkarteko boluntario talde bat lanean hasi zen eta korua, eskailerak, leihoak eta zorua konpondu zituzten. Azkenik, aurtengo garagarrilean, jubilatu talde berak sarrera txukundu du. Erretaula, bestalde, desmuntatu eta Iruñean zaharberritu dute. Gainera, inguruan zenbait zuhaitz landatu dituzte. Kofradia indartuBehin ermita zaharberritu ondoren, hondatu ez dadin hura mantentzeaz eta garbitzeaz kofradia arduratuko da. Kofradia izan zen aurri egoeran zegoen Lazkoz herriko eliza zutitu zuena eta 400 urteetan mantendu duena. Gaur egun Konzezioko kofradia kide gutxi ditu. Horregatik, interesa duenak abendura arte Blanka Kintanari izena eman diezaioke. Asmoa da gero, Konzezio egunaren inguruan (abenduak 8), bilera bat egitea. Bilera horretan mantenu lanaz gain, urtean behin ermitara erromeria egiteko data ere zehaztuko da. Berezko eguna, abenduaren 8a, udazkenen hotzean izatean beste data batera aldatzeko aukera ere izan liteke. Hala erabakiko balute, aukeretako bat litzateke urtean zehar ama birjinaren omenez ospatzen diren bost festetako batean izan daiteke. XX. mendean haien bezperetan joaten zen Konzeziora erromerian. OharraAutoak aparkatzeko tokirik ez dagoenez, ermitara oinez joateko gomendioa luzatu da.