Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Patxi Arratibel Gartziandiak sufritutako tortura kasuarengatik helegitea aurkeztu du Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegian. Arratibelek Torturaren Aurkako Taldearen bidez Espainiako auzitegietan torturagatik salaketa jarri zuen, baina artxibatu egin zuten "ikerketa nahikoa aurrera eraman gabe, gertatutakoaren gaineko erantzuleak nortzuk ziren argitu gabe geldituz". Horregatik, Europako epaitegira jo du. 2011ko ilbeltzaren 18an Arratibel eta beste 5 nafar atxilotu zituen Guardia Zibilak, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fernando Grande-Marlaska epaileak aginduta, "ETAko kide izatea edo harekin kolaboratzea" egotzita. Guztiek salatu zituzten torturak. Inkomunikatuta egon zen 5 egunetan Arratibeli hainbat aldiz buruan poltsa jarri zioten eta kolpe ugari eman zizkioten. Horretaz gain, Arratibeli senide eta hurbileko lagunekin mehatxu ugari egin zizkiotela eta bortxatzeko eta elektrodoak jartzeko imintzioak ere egin zizkioten.Etxarriarra kuartelean zegoela polizi deklarazio sinatzera behartu zuten. Bere sinaduraren ondoren Aztnugal idatzi zuen. Hau da, laguntza atzekoz aldera idatzita. Konfiantzazko abokaturik gabe, Arratibelek epaileari jakinarazi zion "babesik gabeko egoera izugarri horren aurrean, tortura saio gogorren erdian, laguntza behar zuela". Atxilotu ondoren 18 hilabete eman zituen behin-behineko espetxealdian etxarriarrak eta bermea ordainduta eta hainbat kontrol neurrirekin utzi zuten aske.