Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Iruñeko administrazioarekiko auzien 2. epaitegiak zuhurtziaz indargabe utzi du Etxarri Aranazko Udalaren autodeterminazioari buruz hartutako erabakia. Behin betiko epaia eman arte hartu du neurri hori epaitegiak, eta kostak ere udalari ordainarazi dizkio. Nafarroako Gobernuak jo zuen epaitegira, udalari bilkuran hartutako erabakia baliogabetzeko eskatu ondoren. Epaitegiaren erabaki horren aurrean gaur prentsaurrekoa eman dute herri galdeketa sustatu zuten Etxarri 2012+1 ekimeneko Mikel Mundiñanok, Etxarri Aranazko alkate Joxi Bakaikoak, Bilduko zinegotzi Edurne Igoak eta NaBaiko zinegotzi Maider Goñik. Mundiñanok jakinarazi du ekimenak udalari eskatu diola baztertzeko Nafarroako Gobernuak hartu duen bidea. "Gatazka juridiko antzuak saihestu ditzala, horretarako eman behar diren pausoak emanaz". Bestetik, herri ekimenarekin gai horretan elkarlanean jarraitzeko prestutasuna eskatu dio udalari. Etxarri 2012+1 ekimeneko kideak adierazi duenez, erabakitzeko eskubidearen inguruan lanean jarraituko dute. Mundiñanok aurreratu duenez, "herri honek galdeketa hori eginen du". Ekimeneko bozeramaileak ziurtatu du: "erabakitze eskubidearen inguruko eztabaida, iritzi guztien arteko errespetuan oinarriturik, saihestezina da". Udalak eta ekimenak orain arte egindako ibilbidea baloratzeko aldizkaria banatuko dute Etxarrin. Horrekin batera, lastailaren 10erako, osteguna, 20:00etan herri batzarra deitu du Etxarri 2012+1 ekimenak kultur etxean. Orain artekoa baloratu eta iritziak jasoko dira. IritziakNaBaiko Maider Goñik esan du udaleko bi alderdi nagusien izenean aldarrikatu du "erabakitzeko eskubidea herrien oinarrizko giza-eskubidea dela, eta gaur egun autodeterminaziorako eskubidea Nazioen Gutuna moduko nazioarteko agiri garrantzitsuetan jasotzen dela". Goñik nabarmendu duenez, "herrialde batek bere etorkizunari buruzko nazio mailako eztabaida baketsua egitea ezberdintasunei aurre egiteko modu arrazional eta demokratikoa da". Funtsezkotzat jo du eskubide hori. Euskaldunak nazioa garela azpimarratu ondoren, herrien determinazio librerako eskubidea aldarrikatu du Goñik, "gehiengo sozial politiko eta instituzionalak hori eskatzen du". Joxi Bakaikoa alkateak nabarmendu du Nafarroako Gobernuak duen helburu bakarra herritarrei ahotsa kentzea dela. "Beldur diote gure herritarrek zer pentsatzen duten galdetzeari. Beldur diote demokraziari eta adierazpen askatasunari. Beldur diote atzera bueltarik ez duen gure Herriaren autodeterminazio prozesuari". Bakaikoak ziurtatu duenez, "Etxarriko herriak abiatutako erronka honek erakutsi du gaur egungo erakundeetan eta egitura politikoetan ez dugula tokirik". Azkenik, alkateak deia luzatu du: "gizarte zibilari, herri-eragileei eta alderdi guztiei, erabakitzeko eskubidearen aldeko urratsak egiten jarraitu dezatela, oraingo marko juridikora eta instituzionalera mugatu gabe". Ekimenetik Mundiñanok azaldu du foru legeek herri galdeketa bat egiteko beharrezko bidea ibili ondoren, "Nafarroako Gobernuak beste eskaerekin egin bezala, gurea Ministroen Kontseiluaren esku utzi beharrean auzitegiaren esku utzi zuen". Mundiñanok esan duenez, "Nafarroako Gobernuak trikimailu juridikoak erabili ditu bere eginkizuna bere beharrean". Ekimeneko kideak Nafarroako Gobernuari egotzi dio herri galdeketak sortu dion ezin egonaren aurrean gatazkaren bidea aukeratzea. Galdeketa "iritzi ezberdinen topaleku natural moduan" ikusten dutela gaineratu du. Mundiñanok gaineratu duenez, "herritarrok borondate sendoa dugu etorkizunean zer izan nahi dugun erabakitzeko, dagoeneko prozesu geldiezin baten aurrean gaude". Elkarlanean aritzeko borondatea azaldu du ere. GalderaAdos al zaude Etxarri Aranatz, Euskal Herriko udalerria izanda, Europako estatu independente berri baten parte izatearekin?