Helburua: Nafarroako Aizkora Txapela janztea

Guaixe 2013ko urriaren 4a

Etxarriko ferietan aizkorak beti du bere tokia. Aizkora zale asko ditugu bertan, eta Floren Nazabal txapeldun handia etxarriarra izanik, are gehiago. Igandean lehiaketa polita hartuko du Etxarri Aranazko pilotalekuak, 13:00etan: Nafarroako I. Mailako Aizkora Txapelketaren kanporaketa. 9 aizkolari lehiatuko dira, egungo txapeldun Floren Nazabal etxarriarra buru dela, eta lehendabiziko bostek lortuko dute azaroaren 15ean Donezteben jokatuko den finalerako sailkatzea. Azken bi sailkatuek maila galduko dute. Aizkolariek 2 kanaerdiko, 2 60 ontzako eta oinbiko bat erdibitu beharko dituzte. Nazabalek senitartekoen, lagunen eta herritarren laguntza izango du. Bera da kanporaketa irabazteko faborito nagusia, ezustekoren bat gertatzen ez bada. AizkolariakFloren Nazabal (Etxarri Aranatz), Jon Rekondo (Leitza), Ander Erasun (Aurtiz-Ituren), Antonio Senosiain (Olague), Donato Larretxea (Arantza), Juan Jose Lopez (Lezaun), Aitor Senosiain (Olague), Oihan Larretxea (Bera) eta Ruben Saralegi (Leitza). Xabier Mindegia osasun arazoekin dabil eta ez du txapelketan parte hartuko. Medikuaren agiria ekarriko du.