Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Indarrez hasi dute denboraldia Etxarriko nesken pala eskolako kideek. Urriaren 11n batzarra egin zuten eta taldeko junta berritua aurkeztu zuten. Migel Aristorena eta Saioa eta Yanira Aristorena pala irakasleez gain, zenbait guraso dabiltza lanean junta berrian. Juntak izaera irakia du eta edozeinek har dezake parte. Aipatu batzarrean, juntak taldearen logotipo berritua, web gune berria eta taldearen ekipamendu berria aurkeztu zituzten. Eta horrekin batera Pala Eskolaren arautegi berria eta urteko plangintza. 30 kideEtxarriko Pala Eskola 2000 urte inguruan sortu zen, Etxarriko neskendako pala sustatzeko asmoarekin, Gure Pilota Eskolaren barruan integratuta. Migel Aristorena izan zen sustatzaile nagusia, Telletxea zenaren laguntzarekin. Gero Saioa eta Yanira Aristorena gehitu zitzaizkien. Egindako lanaren fruitu, egun 8 urtetik gorako 30 neska entrenatzen dira Etxarriko Pala Eskolan. Entrenamenduak asteartetan eta ostegunetan egiten dituzte Euskalherriari pilotalekuan, eta taldea erreferente bihurtu da Euskal Herriko pala jokoan. Ondoko txapelketetan neurtuko dira: Emakume Pilotari Txapelketa, Nafar Kirol Jolasen Joko Eskolarrak, Sakanako Pala Txapelketa, Nafarroako Pala Txapelketa, Euskal Herriko Kluben Liga, Emakumeen Napar Pala Txapelketa, Napar Pala Txapelketa eta GRAVN txapelketan, Nafarroako selekzioan parte hartuz. Horretaz gain, herriz-herri sor daitezkeen txapelketetan. Logotipoa eta ekipamendu berriaTaldearen logotipoa Andre Ansotegi eskolako pala jokalariak egin zuen duela urte batzuk, eta Napal diseinatzaileak berritu eta digitalizatu du. Neska baten aurpegia duen pala bat da, pilota ondoan duena. Halaber, kartel eredua ere diseinatu du eskolak. Bestalde, aurten Etxarriko palistek ekipamendu berria erabiliko dute: bi kamiseta berri, bat urdina eta bestea gorria, eta kirol-jertse edo sudadera beltza bat, kremaileraduna. Taldearen babesle nagusia den Baiza Motor enpresaren irudia darama. Orain arte zituzten jantziak entrenamenduetan erabiliko dituzte eta ekipamendu berria, aldiz, txapelketetan. Lizarragako festetanLizarragako San Klemente festetan, azaroaren 24an, Etxarriko Pala Eskolak jaialdia eskainiko du Lizarragan, aurkezpen moduan. www.pilotarianaun.netEtxarriko nesken pala eskolaren web gunea. Pala eskolari buruzko informazioa eta argazkiak jarriko dira eta txapelketetako egutegiak.