Interpretazio zentroko lehen lanetarako boluntario bila

Guaixe 2013ko urriaren 22a

Etxarri Aranazko Udalak eta Nafarroa Bizirik fundazioak boluntarioak eskatu dituzte, Enneco, haritzaren memoria zentroko aurreneko lanak egiteko. Egin beharrekoak hiru dira: Basopokale garbitu; sasiak kendu (mantendu behar diren zuhaitz eta guneen inbentarioa egiteko) eta tokiaren neurketa topografikoa egin (gero proiektua bertako baliabideetara eta orografiara moldatzeko). Ostiralean aurreneko parkea hartuko duen ingurua ikuskatu zuten Mai Mendiola (udaleko langilea), Xabier Erbiti (baso teknikaria), Vicente Azpilikueta (Nafarroa Bizirik fundazioko kidea) Iñaki Erdozia (Arkitektoa) eta lau boluntario (etxarriarrak eta fundaziokoak). Egin beharreko lanak zein diren eta nola egin zehaztu zuten. Atzo, berriz, parkeko eremua lursailetan zatitu zuten. Asmoa da larunbatean sasi garbiketa egiten hastea. Hamar pertsonetako lantaldetan banatuta eginen dira auzolan horiek, beti basozainen gidaritzapean. Izena ematea 948 460 004 (udaletxea, bulego orduetan) edo etxarriaranhazten@gmail.com. beharren eta eguraldiaren arabera hots eginen zaie boluntarioei.