Munduko Trinkete Txapelketa Uruguayn: Murgiondo etxarriarra, zilarrezkoa

Guaixe 2013ko urriaren 23a

Urriaren 13tik 19ra Trinkete Mundiala hartu du Uruguayk. Eskuzko modalitatean eta erremintan - pala motza, emakumezkoen paleta argentinarra, gizonezkoen pala argentinarra... - jokatu da Mundiala. Estatuko selekziorako hautatu zuten Koldo Murgiondo etxarriarra eta bera Trinketeko Binakako Esku Pilotan lehiatu da, Uruguayko Mercedes hiriko trinketean. "Oier Gurutzealde atzelariak partida guztiak jokatu ditu. Lehendabiziko partidan Unai Martikorena igoarra aritu zen aurrean, baina jokatu diren beste guztietan ni aritu naiz" adierazi digu Uruguaytik etorri berri den Koldo Murgiondok. Etxarriarrarentzat esperientzia polita izan da Mundialean aritzea. 5 selekzio lehiatu dira Eskuz binakako Trinkete Mundialean. Hasieran ligaxka jokatu zuten, denak denen kontra, eta bi talde onenak finalerako sailkatu ziren. "Lehendabiziko partidan Unaik eta Oierrek Argentinaren kontra irabazi zuten. Gero Frantzia faboritoaren kontra jokatu genuen nik eta Oierrek, eta galdu egin genuen. Baina Txileren kontra eta Mexikoren kontra irabazi genuenez, Frantziaren kontra finala jokatzeko sailkatu ginen" kontatu digu Murgiondok. Frantzia garaileFinalean erraz gailendu zen Frantziako bikoa, 15-6 eta 15-4. Koldo Murgiondo eta Oier Gurutzealde zilarrezko dominarekin konformatu ziren. "Beraiek ziren faboritoak eta merezita irabazi zuten" adierazi digu Murgiondok. Frantziako selekzioa izan da Munduko Trinkete Txapelketa irabazi duena, urrezko 4 domina lortuta: eskuz banakakoa, eskuz binakakoa, larruzko paleta eta share. Atzetik sailkatu dira Argentina eta Uruguay. Espainiar Estatua 5.a sailkatu da txapelketan: zilarrezko domina jaso zuen eskuz binakakoan eta brontzezko 3 domina larruzko paletan, eskuz banakakoan eta emakumezkoen paleta goman. Pozik baina nekatuta itzuli da Murgiondo. "Denbora asko pasatu dugu trinketean. Partidak igandean, astelehenean, asteazkenean eta ostegunean jokatu genituen, eta finala larunbatean. Gainontzeko egunetan beste taldeen partidak ikustera joaten ginez. Beraz, ez dugu izan askoz gehiago egiteko astirik" onartu du aurrelari etxarriarrak. Uruguaytik bueltan, tarte baterako trinketea utzi eta ezker paretako frontoian ariko da orain etxarriarra. Aurrerago, GRAVN txapelketan, atzera ere trinketean ariko da.