Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanako XIII. Herri Lasterketa-Burundesa Sari Nagusia bihar jokatuko da, 17:00etan, Etxarri Aranatzen. 16:00etan kategoria txikikoen probak hasiko diraBihar, lastailaren 26an, larunbatarekin, jokatuko da Sakanako XIII. Herri Lasterketa-Burundesa Sari Nagusia. 16:00etan kategoria txikikoen lasterketak hasiko dira Etxarriko plaza inguruan, eta 17:00etan helduen proba, Etxarrin prestatutako 2.250 metroko zirkuituan. Zirkuituari 3 itzuli eman beharko diote helduek, 7 km osatuz.Sakanako XIII. Herri Lasterketa Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak eta La Burundesak antolatu dute, Etxarriko komertzioen eta jatetxeen babesarekin eta ondoko entitateen laguntzarekin: Dantzaleku Sakana Atletismo Kluba, Etxarri Aranazko Udala eta Etxarriko Larrañeta, Udaberri, Karrikestu eta Hartzabal elkarteak. Asteazkenean aurkeztu zuten proba Mank-eko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak, Etxarriko alkate Joxi Bakaikoak, Etxarriko kultur teknikari Amaia Ijurrak, Udaberri elkarteko Nerea Martinezek, Larrañeta elkarteko Pedro Gonzalezek, Karrikestu elkarteko Izaskun Ijurrak, antolakuntza lanetako laguntzaile Iñigo Razkinek eta La Burundesako ordezkari Javier Fonsecak. Proba herrikoiaSakanako Herri Lasterketa proba herrikoia dela nabarmendu zuen Amaia Gerrikoagoitia teknikariak, eta helburua atletismoa bulkatzea dela. Halaber, Sakanako herriak ezagutarazi nahi dira, aurten Etxarri Aranatz. "Edozeinek hartu ahal izango du parte, proba irekia baita, baina bereziki sakandarren partaidetza bulkatu nahi dugu" gaineratu zuen teknikariak. Horren isla, Etxarriko proba Sakanako Atletismo Koparako-Lasa Kirolak Saria baliagarria izango da. Bide batez, proba azaroaren 10ean jokatuko den Behobia-Donostia lasterketa prestatzeko aproposa izango dela nabarmendu nahi izan zuten. "Aurreko urtean 116 sakandar aritu ziren Behobian, eta ea aurten Sakanako Herri Lasterketan parte hartzera animatzen diren" gaineratu zuen Gerrikagoitiak. Aurreko urtean 95 korrikalari aritu ziren Sakanako XII. Herri Lasterketan eta Jose Javier Cuadrado zaldibiarra nagusitu zen, Javi Moreno eta Raul Audikana sakandarren aurretik. Antolakuntzak antzeko parte-hartzea espero du: helduen proban 100 kirolari inguru eta haurren kategorietan 60 inguru.18:15ean helduen sari banaketa eginen da eta ondoren auzatea egonen da. 2.250 metroko zirkuituaNerea Martinezek azaldu zuenez, Etxarriko plaza erdigune hartuta 2.250 metroko zirkuitua antolatu da Etxarri Aranatzen. Plazatik aterako dira korrikalariak. Kale Nagusitik barna Larrañeta kaleraino iritsiko dira eta bertatik Malkorramendi aldera joko dute. Aldapasoron buelta hartu eta bideberri nazionaletik errotondaraino helduko dira, han plazarantz jotzeko. Helduek 3 itzuli emango dizkiote zirkuituari. Trafikoa moztuko da eta Foruzainak arduratuko dira trafikoa gidatzeaz.Proba antolatzeko jende askoren laguntza behar da, bakarrik bihurguneetan egoteko 21 pertsona behar baitira, gainontzekoen lana kontuan hartu gabe. Hortaz, antolakuntzak gogo biziz eskertu die herritarrei eta bertako talde eta eragileei, emango duten laguntza. "Talde eta eragileen laguntza ezinbestekoa da eta eskertzekoa. Horrek ekitaldi gehiago egitea animatzen du. Bestalde, Etxarrikoa Behobia-Donostia prestatzeko proba aproposa da eta ea jendea korrikan egitera animatzen den" nabarmendu zuen Joxi Bakaikoa alkateak. Javier Fonsecak gogoratu zuen La Burundesak urte asko daramatzala Sakanako Herri Lasterketa babesten, probak arrakasta duela, kontentu daudela eta proba laguntzen jarraitzeko asmoa dutela.Sariak eta zozketakKategoria txikietan, kategoria bakoitzeko lehendabiziko hirurek domina jasoko dute. Proba nagusian, lehenengo hirurek, gizonezkoek eta emakumezkoek, trofeoak jasoko dituzte. Baita ere lehenengo juniorrek eta lehenengo beteranoek. Sakandarren kasuan, lehendabiziko hiru sakandarrek, emakumeek eta gizonezkoek, trofeoa jasoko dute. Halaber, proba absolutuko irabazleek eta lehen sakandarrek, gizonezkoek eta emakumezkoek, bi pertsonendako afari bana jasoko dute, 4 afari guztira, ondoko jatetxeetan: Borda, Aritzalko, Iturrieder eta Derry. Horretaz aparte, korrikalari guztien artean ondoko sariak zozketatuko dira: Etxarriko campingean eta Zugain jatetxean bi pertsonendako afaria, Peio Goikoetxea masajistak eskainitako 4 masaje eta Etxarriko denda eta komertzioek emandako produktuen loteak. Helduek izena emateko gaur dute azken egunaHelduen lasterketan izena emateko derrigorrezkoa da aurretik izena ematea. Gaur da azken eguna, 14:00ak arte. www.kirolprobak.com web gunean eman behar da izena. Txip horia dutenek 10 euro pagatu beharko dute eta alokairuzko txipa dutenek 11 euro. Kategoria txikikoek dohainik dute izena ematea eta lasterketaren egunean bertan egin beharko dute inskripzioa.Kategoria txikikoakAurrebenjaminen proba 16:00etan hasiko da (200 metro), benjaminena 16:05ean (400 metro), kimuena 16:10ean (800 metro) eta haurrena 16:20an (1.200 metro). Kadeteak helduekin batera ariko dira, 17:00etan, baina ibilbide laburragoa egingo dute (4.500 metro). Kategoria txikikoen kasuan egunean bertan izena emateko aukera izango da. Sari edo oroigarrien banaketa 16:45ean eginen da.