Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean, 19:30ean Etxarri Aranazko frontoian. Fran Idareta, Haize Berriak banda, Irurtzun, Etxarri Aranatz eta Altsasuko abesbatzakEuskararen jatorri mitologikoan sakondu zuen Fran Idaretak eta horretan oinarrituta ikuskizun musikala ondu du: Taupadak. Mustutze bikoitza egin zuen larunbatean, Iortia kultur gunean izan ziren guztiak gozaraziz. Doinu tradizionaletik abiatuta banda eta abesbatzendako armonizazio berri, aberats eta modernoak sortu ditu Idaretak, Alberto Gonzalez moldatzailearekin batera. Armonizitutako lan ederra. Axuri Beltza kantan, esaterako, emakumezko bakarlari bat hasten da kantatzen, baina kantaren bestelako aldaera bat goi-erregistroan. Ondoren musikariak eta koraleko kideak gehitzen dira kanta tradizionalaren bertsio berritzailea eginez.Akordeoilari irurtzundarraren laguntzaile fidel izan ziren Haize Berriak banda eta Irurtzun, Etxarri Aranatz eta Altsasuko Erkudengo Ama abesbatzak. Gorka Hermosa (bandoneoia), Joaquin Taboada (pianoa) eta Garikoitz Mendizabal (txistua) izan zituzten laguntzaile zenbait pasartetan. Omenaldi eta eskertzen tartean, Irurtzungo akordeoilariak eskenatokira gonbidatu zuen Ernike Zelaia, eta lore sorta ederra eskainiz, altsasuarrak egindako ibilbide artistikoa aitortu zuen.Pasarteak Musikarien jarduna, ahots batekin tartekatu zen emanaldian. Sakanaren berezko taupadaren ahotsa zen, euskararena. Taupadak obrako aurreneko pasartean, Ararat. Mari jainkoari deia, Euskarak hitza hartzen du bera erditu eta munduratu zuen Mari jainkosari ongi etorria egiteko eskatuz. Bigarren pasartean, Bihotzean itsasargi, Noeren iloba Tubalek euskara ekarri zuela aipatzearekin batera, euskaldun bakoitzak bere bihotzean itsasargia daukala adierazten da. Norberaren sena baita iparrorratzik zehatzena, mendeetako lamien eta itsas lamien kantuen oihartzunen metaketez osaturiko trebetasuna.Lantz pasartean ibarreko hainbat herrietako sorgin kontakizun eta mozorrotuak, inauteriez, aritzen da ahots gidaria. Eta ziurtatzen du berreskuratutako inauteriak aitzinako euskararen taupada eguneratua direla. Segituan, Axuri beltza, emakumeei omenaldia, besteak beste, mendeetan gure altxor preziatuaren zaindari izateagatik. Obraren erdiko pasartean, Orreaga, Gartxot, Mikelot edo Roldanen aipamenen ondoren euskaldunen erronka gogorarazten zaigu: "euskaraz bizitzea. Beste garaiko irrintziek ospatzen zuten garaipena eguneratuta, alegia". Erro-uneak.Gloriosus sanctorum, seigarren pasartean, Iruñeko festetan sartu irtena egin ondoren, San Fermini euskaraz kantatutako jota entzuteko aukera izanen da; "ez baitago erro-uneak bizitzeko modurik euskaldunok euskaraz bizitzen ez baditugu". Aitor pasartean euskarak bizi izan duen eta duen azpiratzea aipatzearekin adierazten da egungo euskaldunok euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzen dugula bakarrik. Aldi berean, Navarro Villosladaren liburu ospetsuko aipua nabarmentzen da: Amaia hasiera da. "Zenbat eta hurbilago sentitu euskararen amaiera, orduan eta hurbilago baikaude hasieratik". Mari. Harri-Herri-Irri pasartean sakandarrok Mari gertu izan dugula azaltzen zaigu. "Hain gertuko zer gure baitako taupadetako sortzailea den". Jainkosak haritz eta haitz itxura hartu ditzakeela aipatu ondoren, jentilek haritzaren babesean harriekin herriak eraiki zituztela aipatzen digu ahots gidariak. Azken aurreko pasartean, Aixita, Etxeberriko gaztelua zenaren inguruko madarikazio baten berri ematen digu ahotsak. Azken pasartean, Lingua Navarrorum, euskaldunak euskaldun egiten dituenaz ari da ikuskizuneko gidaria, euskaraz. "Benetako misterioa ez delako jatorria, iraupena baizik". Ahotsa horrela despeditzen da: "Nik bizi bazaituztet ere, zeuen esku baitago euskaraz bizitzea. Euskara zeuen aukera baita. Ni Euskara bainaiz eta euskaldunak euskaldun egiten ditut".