Ennecoren proiektuan elkarlanean ariko dira Nafarroa Bizirik, Udala eta Gurelur

Guaixe 2013ko aza. 8a, 20:56

Talde ekologistak egindako salaketaren ondoren, atzo bildu ziren Enneco, haritzaren memoria proiektua sustatzen duen Nafarroa Bizirik fundazioko kideak eta Etxarri Aranazko udaleko ordezkariak Gurelurrekoekin. Hiru erakundeetako ordezkariak lankidetza esparrua sortzea erabaki zuten. Hala, natura-baliabideak errespetatzen direla ziurtatzeko Gurelurrek proiektuaren jarraipena eginen du, beti ere, izan daitezkeen afekzioak txikitzeko. Elkarte ekologistaren proposamenari jarraituta, Etxarriko Udalak ingurumenari dagozkion hainbat neurri hartuko ditu aipatu afekzioak orekatzeko. Basora egokitutako proiektuaBileran parte hartu dutenek konpromisoa hartu dute proiektuko moduluak jartzerakoan, ingurumen inpaktua ahalik eta txikiena izateko, "proiektuak hango ingurumenaren orekari kalte egin ez diezaion". Aldi berean, bai Nafarroa Bizirik fundazioak bai Etxarriko Udalak adierazi dute ez dutela onartuko, inolaz ere, bertako parajeari kalterik eragitea. Izan ere, "lan zorrotza egiten ari da basoaren eta proiektuaren arteko oreka gal ez dadin, bertako natur baliabideen eta paisaiaren balioa indartu behar baitira. Asmoa da proiektua basoaren menpe egotea, eta ez alderantziz". Horregatik, parkearen egitasmoan jasoa dago egurrezko kaxeta batzuk jartzea, zuhaitz eta sastraken artean libre gelditzen diren espazioetara egokituta, zimendu beharrik ez dutenak.UrratsakEnnco, haritzaren memoria hartuko duen Basopokale eta Danbolintxulo arteko parajea azienden bazkalekua zen. Hura itxi eta abereei hara sartzea debekatu zitzaienetik sasiak janda zegoen. Aurreko egunetan boluntarioek egin dutena sasi horiek kentzea izan da, bestela ezinezkoa baitzen handik ibiltzea. 10 cm baino gehiagoko diametroa duten landareak mantendu dira, baita haritz landare txikien eremuak, eta hainbat gorosti eta elorri ere. Lan horiek Ingurumen Departamenduaren baimenarekin egin dira Lurgeroa enpresako ingeniari bat, eta udaleko langile bat,  boluntario talde zabal baten laguntzaz, auzolanean. Horiek despedituta inguruaren neurketa topografikoa eginen da, proiektua bertako baliabideetara eta orografiara moldatzeko. Behin eremua garbi dagoela hara egokitutako proiektu proposamena eginen da eta Etxarri Aranazko Udalak behin betiko onartuko du. Baina horren aurretik, udalak teknikari adituei eta ingurumenean erreferentzia diren elkarteei oniritzia eskatuko die. Azkenik, proiektua jendaurrean aurkeztuko da Etxarri Aranatzen.