Konposta hobetzeko saio praktikoa

Guaixe 2013ko aza. 15a, 10:35

Etxarriar askok egin dute zabor organikoa konpostagailuetara botatzeko hautua. Baina kontua ez da konpostagailua zabaldu, gure zabor organikoa bota eta tapa ixtea. Komenigarria da pausu zehatz batzuk jarraitzea, konpostaren prozesua hobetzeko eta usain txarra eta halako arazoak ez sortzeko. Horrela, Etxarri Aranazko Udalak konposta hobetzeko saio praktikoa antolatu du larunbaterako, 10:30ean, udaletxeko estalopean. Idoia Artiedak eta Bixente Artiedak gidatuko dute saioa. Saiora joan nahi dutenek Etxarriko udaletxean abisatu beharko dute (948 460 004 edo udala@etxarriaranatz.com).Lehenik eta behin azalpen praktikoak emango dituzte: konpostagailuen funtzionamendua, arazoak identifikatuko dira eta konponbidea eman eta dauden zalantzak argituko dira. Eta, ondoren, ibilbidea antolatu dute, Larreñondo, Sagarmiñeta eta Kalamurtxeiko konpostagailuak nola dauden ikusteko. Organikoz betetako pertz marroiak beteak eramatea gomendatzen da, prozesua egiteko. Eguraldia oso txarra bada, saioa azaroaren 23ra atzeratuko da (www.etxarriaranatz.com web gunean kontsultatu daiteke).