Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean 27. Nafar Kirol Jolasetako Nafarroazko Gazte Mailako Buruz Buruko finala jokatu zen Iruñeko Labrit pilotalekuan. Erreka taldean dabilen Joanes Bakaikoa etxarriarrak eta San Migel taldeko Lizarrako Xabier Mateok lehia estua izan zuten finalean, eta, azkenik Mateo gailendu zitzaion Bakaikoari, 18-13. Partida hasita 5-0 aurreratu zen Mateo, baina hurrengo tantoak txapan bukatu zuen. Sakea berreskuratu zuenean konfiantza hartu zuen etxarriarrak eta markagailua irauli zuen, 5-7 aurreratuz. Sake zitalak, dejadak eta beste baliatu zituen horretarako. Baina Mateok sakea berreskuratu zuen, Bakaikoaren sakea airez erantzuterakoan, eta partida dominatzen hasi zen Lizarrakoa. Bakaikoak ongi erantzun zion Mateoren erasoei eta bi pilotarien arteko lehia oso estua izan zen, baina Lizarrakoak distantzia handia hartu zuen, 15-8. Bakaikoak atzera ere erantzun egin zuen eta distantziak gutxitu zituen, 15-13 hurbilduz, baina ez zen nahikoa izan, Mateok sakea berreskuratu eta 18-13 irabazi baitzuen. Etxarriarrak ez zuen txapela ekarri baina partida bikaina egin zuen, Nafarroako gazteen mailako txapeldunorde berria dugu eta etorkizun oparoa.