II. Napar Pala Etxarrira

Guaixe 2013ko azaroaren 28a

Etxarri Aranatzek Nafarroako elite mailako Emakumeen Napar Pala Txapelketako I. jardunaldia hartuko du igandean, 11:00etan. Hiru etxarriar lehiatuko dira txapelketan: Saioa Aristorena, Janira Aristorena eta Olaia Izagirre. Igandean abiatuko da II. Napar Pala Txapelketa. Txapelketan Nafarroako elite mailako palistak lehiatuko dira. Aurreko urtean antolatu zen lehenengoz Napar Pala Txapelketa, Etxarriko Pala Eskolak, Aristorenatarrak buru, eta Maite Ruiz munduko pala txapeldun eta selekzionatzaile nafarrak antolatuta. Helburua emakumezkoen gomazko pala sustatzea zen, palan elitean ari diren emakume gazteak lehen planora ekarriz eta emakumeen pala Nafarroako pilotaleku guztietara eramanez. Izan ere, emakumezkoek paletan geroz eta maila handiagoa dute. Txapelketa arrakastatsua izan zen eta aurten II. edizioa antolatu da, baina Nafarroako Pilota Federazioak hartu du txapelketa antolatzeko ardura, aurreko urteko sustatzaileekin batera. Nafarroako Gobernuaren eta Magna enpresaren babesa izango dute. Bi mailatan jokatuko da txapelketa: lehen mailan eta eliteen mailan. Maila bakoitzean 6 bikote lehiatuko dira, bi multzotan banatuta. Hasieran hiru jardunaldiko ligaxka jokatuko da eta denak denen kontra lehiatuko dira. Ondoren finalerdien txanda izango da, eta, azkenik, final handiak jokatuko dira. Txapelketa Nafarroako txoko ezberdinetara eramateko asmoz, 1. kanporaketa asteburu honetan jokatuko da, Ezkarotzen eta Etxarri Aranatzen. Abenduaren 8an 2. kanporaketa jokatuko da Otsagabian eta Leitzan eta abenduaren 15ean hirugarrena Tafallan eta Zubirin. Abenduaren 22an finalerdiak erabakiko dira Larragan eta Lekunberrin eta Napar Palako final handia, aldiz, abenduaren 29an hartuko du Labrit pilotalekuak. 3 etxarriarII. Napar Palan hiru etxarriar lehiatuko dira: Yanira Aristorena, eliteen mailan, Maider Mendizabalekin bikotea osatuta; Saioa Aristorena, lehen mailan, Amaia Ariztegirekin batera, eta Olaia Izagirre, Maider Huizirekin jokatuta. II. Napar PalaEtxarri Aranatzen (igandean, 11:00etan)1.maila: Irantzu Leunda-Maider Senper / Eli Pagola-Edurne ArgainEliteak: Yanira Aristorena-Maider Mendizabal / Ainhoa Garmendia-Maite Ruiz de Larramendi*Amaia Ariztegi-Saioa Aristorenak eta Olaia Izagirre-Maider Huizik atsedena dute