Joanes Bakaikoa, lau t´erdiko Nafarroako txapelduna

Guaixe 2013ko abenduaren 9a

Abenduaren 3an jokatu zen Nafarroako gazte mailako lau t´erdiko final handia, Guillermo Mazo Memoriala. Erreka taldean dabilen Joanes Bakaikoa etxarriarrak eta Bortziriak taldeko Jon Olaizolak kasik profesional mailako pilota final ikusgarria eskaini zuten Labriten. Bi pilotariak hustu egin ziren baina, azkenean, txapela Etxarrira ekarri zuen Joanes Bakaikoak, Jon Olaizolari 18-15 irabazi eta gero. Guztira 33 pilotari lehiatu dira Nafarroako gazteen mailako lau térdian, tartean Irurtzun eta Altsasuko Pilotajaukuko pilotariak. Bakaikoa eta Olaizola iritsi ziren finalera. Biek etorkizuna badutela demostratu zuten. Nahiz eta 18 urtez azpiko pilotariak izan, sekulako maila eman zuten, pilotari profesionalen zifrak erabiliz: 52 minutu eta 303 pilotakadako final gogor, lehiatu eta estuan, Bakaikoak Olaizolak baino akats gutxiago egin zituen ¬ - Olaizolak 8 akats eta Bakaikoak 5 - eta ezker pareta bilatu zuen, arerioa gehiago estutzeko. Joanesek bere aita, Etxarriko alkatea den Joxi Bakaikoa izan zuen botillero, eta nahiz eta Olaizolak altuera eta gorpuzkera gehiago izan, Etxarrikoak akaso erresistentzia gehiago izan zuen partidan. Partidan barna berdinketa asko izan ziren, baina hamabosna berdindu ondoren, azken hiru tantoak Joanesek egin zituen, txapela lortuz. Zorionak Etxarriko txapeldunari!