Aristorenatarren lehian Yanira onena

Guaixe 2013ko abenduaren 18a

Finalista guztiek talde argazkia atera zuten bukaeran. Argazkia: Yanira Aristorena
Larunbatean Sakanako Emakumeen VIII. Pala Txapelketako finalak jokatu ziren. Elorri-Saioa, Aroa-Oihane, Ariane-Uxue, Uxue-Andrea eta Yanira-Rebeka nagusitu ziren

Lastailaren bukaeran hasi zen Sakanako Emakumeen VIII. Pala Txapelketa eta larunbatean despeditu zen, Etxarri Aranazko pilotalekuan jokatutako finalekin. Txapelketa Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak antolatu du, Etxarriko Nesken Pala Eskolarekin. Aste hauetan barna guztira 26 bikote lehiatu dira, 5 kategoriatan: kimuak, haurrak, kadeteak, gazteak eta helduak.  

Kimuen, kadeteen, gazteen eta helduen kategorian 5 jardunaldiko hasierako ligaxka jokatu ondoren, finalerdien eta finalen txanda iritsi zen, eta haurren kategorian, aldiz, 6 jardunaldiko ligaxka jokatu zen eta bi onenak sailkatu ziren finalerako. Finaleko partidak ikusgarriak izan ziren, Sakanan emakumeen palak duen osasunaren seinale. Helduen mailan Saioa eta Yanira Aristorena ahizpak elkarren kontra lehiatu ziren eta Yanirak lortu zuen txapela janztea. Txapelketa bikaina egin ondoren, zorionak guztiei!

Finalak
Kimuak: Maitena-Elai 12 / Elorri-Saioa 18
Haurrak: Dinora-Ainhoa 15 / Oihane-Aroa 25
Kadeteak: Irati-Ane 25 / Ariane-Uxue 19
Gazteak: Uxue-Andrea 25 / Andrea-Irati L. 19
Helduak: Amaia-Saioa 20 / Yanira-Rebeka 30