Bertako ikurren aldeko deia

Guaixe 2013ko abenduaren 20a

Aritz Munarriz eta Itsaso Ganboa herri mugimenduko kideak, Arantxa Artieda (NaBaiko zinegotzia) eta Joxi Bakaikua (Bildu, alkatea) izan ziren mahaian.
Igandean, 12:00etan Etxarri Aranazko plazan auzatea eta ondoren manifestazioa eta mosaiko erraldoia

Gure ikurren defentsan, inposiziorik ez! aldarrikapen hori zabalduko da etzi Etxarri Aranatzen. Izan ere, 2013ko lastailaren 8an Nafarroako Auzitegi Nagusiak eman zuen epaian Etxarri Aranazko Udalari bi hilabeteko epean udaletxean Espainiako bandera jartzeko agindu zion. Hala eginen ez balu hautetsiak inhabilitatuko lituzkete eta udalak isun handia jasoko luke.

Espainiako bandera udaletxean jartzeko lehen eskaera jaso eta errekurritu ondoren Etxarri Aranatzen Gure ikurren defentsan, inposiziorik ez! lan aldea sortu zuten Etxarriko zenbait taldek eta eragilek udal ordezkariekin batera. Eta lan talde hori da hain zuzen ere etziko manifestazioa deitu duena. Harekin “salatu nahi dugu inposizio hori etxarriar gehienen nahiaren kontra eginen dela, eta, beraz, udalaren gehiengoaren kontra”. Eta gainera dute: “gurea ez den ikur bat jarri behar izatea inposizioa antidemokratiko hutsa da, gure herritarren identitate askatasunaren kontra dago”.

Manifestazioa eta mosaikoa osatzera deitzeko agerraldia beste salaketa bat egiteko ere baliatu zuten: “ legegintzaldi honetan gure udala eta herria izugarrizko kanpaina judizial, politiko eta mediatikoa jasaten ari da, aurreko legealdietan inolako aurrekaririk izan ez duena”.

NaBaiko Arantxa Artiedak nabarmendu zuenez, “bandera hori udaletxera itzuli da etxarriar gehienen borondatearen kontra emandako ebazpen baten bidez. Argi dugu, ofizialki eta sozialki agerian utzi behar dela gehienok Espainiako bandera ezartzearen kontra gaudela. Ez dute lortu ez menderatzea ez konbentzitzea. Inposizio hutsa besterik ez da izan”.

Lantaldearen izenean alkateak herritar guztiei lanean jarraitzeko gonbitea egin zien: “gure nahia errespetatuko duen estatus juridiko, politiko administratibo berri baten alde. Argi dago, gaur egungo estatusean guk ez daukagu tokirik”. Herri mugimenduko ordezkari Itsaso Ganboak “etxe eta elkarte guztietan gure ikurrak jartzeko deia” egin zuen.

Aspaldiko defentsa
Francoren diktaduraren ondoren ez da Espainiako banderarik izan Etxarri Aranazko udaletxean, “herritarrek eta hautetsiek hala nahi izan ez dutelako; gurea ez delako”. Joxi Bakaikua alkateak nabarmendu zuen 1977ko ilbeltzaren 16an, trantsizio garaiko alkateen mugimenduak Etxarriko udaletxean ikurriñaren alde egin zuen ekitaldi sonatua: “0rduan Etxarri Aranazko korporazio osoak osoko bilkura berezi batean aldarrikapen historikoak egin zituen gure ikur, erakunde, hizkuntza eta askatasunaren alde. Agerraldian ordezkatuak izan ziren udal, talde eta herritarrek duela 36 urte aldarrikatutako puntuak berresten ditugu”.