Mendeurrenean, Verdiren omenez kantuan

Guaixe 2013ko abe. 21a, 12:00

Igandean, 19:30ean Etxarri Aranazko elizan

Etxarri Aranazko abesbatzaren aurtengo eguberriko kontzertuko protagonista Giuseppe Verdi konposatzailea italiarra da. Lastailaren 10ean 200 urte bete ziren sortzailea jaio zela eta efemeridea gogoan hartuta Verdiren obrekin osatutako programa prestatu du etzirako Alicia Armendarizek zuzentzen duen abesbatzak.

Emanaldiaren aurreneko zatian Verdik sortutako Pezzi sacri erlijio zikloko pieza pare bat kantatuko du abesbatzak. Kantua organo doinuekin lagundua izanen da. Bigarren zatian Verdi hain ezagun egin zuten operen txanda etorriko da. Lau operetako bost pasarte aukeratu ditu Etxarri Aranazko abesbatzak igandean eskaintzeko. Horiek guztiak pianoak lagunduta kantatuko ditu. Maria Jesus Iribarren izanen da bi instrumentuak joko dituenak.

Verdi
Konposatzaile italiarra Roncolen jaio zen 1813ko lastailaren 10ean. Bere musika ibilbidea herriko parrokiako organoa joz hasi zuen. Milango kontserbatorioan sartzen saiatu zen, ahalegina hutsean geratuz. Hala ere, Scalako enpresari batek lehen operak enkargatu zizkion eta ondoren makina bat obra sortu zituen; haietariko asko operak izan ziren, gerora oso famatuak izan zirenak. Verdi bere operengatik izan zen maitatua eta famatua (Il Trovatore, La Traviata, Aida, Nabbuco…) . Bere obren kalitate artistikoaz aparte, operek italiar herriaren izaera nazionalista goraipatzeko balio izan zuten. Verdik berak ez zuen bere burua fededun sutsutzat hartzen. Hala ere, kalitate handiko musika erlijiosoko bi ziklo konposatu zituen: Messa de Requiem eta lau Pezzi sacri. 87 urterekin hil zen, heroi nazional bilakaturik.

Egitaraua
1. zatia. Musika sakroa.
    Stubat mater dolorosa.
    Te deum.
2. zatia. Opera koroak.
    Nabucco: Va pensiero sull´alli dorate.
    Il trovatore: Vedi le fosche notturne spoglie.
    La traviata: Di Madride noi siam mattadori.
                     Noi siamo zingarelle.
    Aida: Gloria all´Egitto.