Bihar eguerdirako deituta dagoen prentsaurreko batean Etxarri Aranatzen egin asmo den Euskal Herriaren independentziaren inguruko herri galdeketa aurkeztuko dute. Horrekin batera, antolaketako xehetasunak emanen dituzte antolatzaileek.
Jakina denez, Etxarri 2012+1 herri ekimenak aurten autodeterminazio eskubidearen aldeko galdeketa egiteko asmoa azaldu zuen. Etxarriarrek galdera hau erantzutea nahi zuten: Ados al zaude Etxarri Aranatz, Euskal Herriko udalerria izanda, Europako estatu independente berri baten parte izatearekin? Galdeketa egin ahal izateko 27/2002 Foru Legean oinarritu zen eta proposamena udalean aurkeztu zuen, 360 etxarriarren sinadurak babestuta. Udalak galdeketa eskaera bere egin zuen eta Nafarroako Gobernuari hura bideratzeko eskaera egin zion.
Foru administrazioak, ordea, auzitegirako bidea hartu zuen. Epaitegiak Nafarroako Gobernuari arrazoia eman zion eta Etxarri 2012+1 herri ekimenak alferrikako auzi-bideak ez abiaraztea eskatu zion udalari. Hala egin zuen. Etxarri 2012+1eko kideek iragarri zuten lanean segituko zutela. Batzar irekia deitu zuen ekimenak eta taldera jende gehiago bildu zen, “zerotik hasteko”. Bihar egindako lanaren berri emanen dute.