Etxarri Aranatzen independentziari buruzko herri galdeketarako data zehaztu ondoren, hilaren 4an egindako batzarrean zehaztu zuen apirilak 13 herri ekimenak galdera, sei aukeren artean aukeratu ondoren. Data hori iritsi aurretik baina, herritarren parte hartzeak ere garrantzia izanen du.
Galdeketak izanen dituen gainerako xehetasunak herritarrek batzarretan erabaki beharko baitituzte. "Herri honen etorkizuna herritarron esku dago. Gure herria iritzi ezberdinak dituen herritarrez osatua dago eta hortaz, iritzi guzti horien errespetuan oinarritua beharko luke gure herriaren etorkizunak", esan zuen Adur Goikoetxeak ekimenaren bultzatzaileen bozeramaleak aurkezpenean. Hortaz, ariketa demokratiko bat jarri nahi dute martxan, baina, ez hori bakarrik, herritarren arteko harremanak hobetzeko asmoa ere badutelako galdeketa horren bitartez: “Erabakitzeko eskubidea ariketa praktiko gisa, Etxarri Aranatzen, norberak bere iritzia eman dezan askatasun osoz nahi dugu”.
Herri galdeketaren xedea
Ez da helburu bakarreko ekimena izanen galdeketarena. Lehenik, herri galdeketarekin benetako demokrazia batek bere dituen baloreetan sakondu nahi dute; hala nola herritarren elkarbizitza, parte hartzea edo eta herritarren iritzia aintzat hartzearena. Ekimen horren bultzatzaileek argi dute, prozesu horretan ez dutela alde bateko edo besteko iritzirik agertuko. Galdeketarekin lortu nahi dutena ez baita hori, eskubide demokratikoak bermatu eta parte hartzea bultzatzea baita nahia.
Dagoeneko informazio eta gizarteratze kanpaina zabalik dago Etxarri Aranatzen. Hiru hilabetean, herritarrak galdeketaren inguruan informatu eta prozesu parte-hartzaile batean murgiltzeko xedez ari dira lanean. Bide horretan, herritarren inplikazioa ezinbestekoa dela nabarmendu dute.