Egoi Martinezen agurra

Guaixe 2014ko urtarrilaren 9a

Egoi Martinez.
Etxarriarrak txirrindularitza uztea erabaki du

Euskaltel-Euskadi taldearen desagerpena berri oso txarra izan zen txirrindulazaleendako, baina, bereziki, taldeko txirrindulari, mekanikari eta langileendako. Txirrindularitzan jarraitzeko aukera izanen dute batzuk, tartean Pablo Urtasun urdiaindarrak, Murtzian egoitza duen Pino Road talde txiletarrean ariko baita. Gorka Verdugo etxarriarra eta Jorge Azanza altsasuarra oraindik talderik gabe daude eta Egoi Martinezek prentsa ohar bidez azaldu du txirrindularitza utziko duela.

Irribarre handi batekin eta eskertuta
Etxarriarrak 2014 denboraldirako kontratua zuen. “Uste nuen 2014a nire txirrindularitza ibilbideko azken urtea izango zela baina ez da posible izango. Talderik ez dudanez aurkitu txirrindularitza utziko dut, hori bai, irribarre handi batekin eta oso eskertuta” nabarmendu du Egoi Martinezek.

Etxarriarrak onartu du “indar guztiekin borrokatu egin dutela zerbait aurkitzeko”, baina ez dela posible izan. “Onartu beharra dago. Nire bizitzaren etapa honi bukaera eman behar diot, nire bizitzako beste etapa berri batean zentratzeko” gaineratu du.

Egoi Martinezek 35 urte ditu eta txirrindularitza ibilbide bikaina egin du. 2013an Italiako Giroan 22.a izan zen eta Vueltan 30.a, talde lana egiten duen gregario batendako postu duina. “Indarrekin eta jarraitzeko gogoekin ikusten nuen nire burua. World Tourrreko talderen batek nire zerbitzuetan interesa izatea espero nuen, nahiz eta txirrindularitza profesionalaren egoera larriaz kontziente izan” nabarmendu du. Horregatik, “arantza txiki horrekin baina irribarre handi batekin esaten dut agur. Eta oso eskertuta: zaleekin, taldekideekin, babesleekin… Txirrindulari handiek egiten dituzte handi lasterketak, baina baita ere euren inguru guztiak. Beraiek gabe ez zen ezer posible izango” aitortzen du etxarriarrak. “Jende askori eman nahi nizkieke eskerrak baina ez naiz zerrendatzen hasiko norbait ahazten badut injustizia egingo nuelako. Txirrindularitzak asko eman dit. Gauza batzuk ere kendu egin dizkit baina zorionez esan dezaket lehendabizikoak bigarrena gailentzen duela alde askorekin” onartu du.

Orain bizi berri bati ekingo dio txirrindulariak, “ongi inguratuta eta babestuta. Beste bizitza bati ekingo diot, akaso ez txirrindularitza baino politagoa, baina nork daki? Egiten dudala dena dela, gogo asko eta ilusio berbera jarriko dizkiot”. Zorte handia izan dezazula, Egoi.

Egoi Martinez de Esteban (Etxarri Aranatz, 1978-05-15)
2002an debutatu zuen profesionaletan Euskaltel taldearekin. 2006an Discovery Channel talde estatubatuarrera egin zuen salto, eta 2007an Tourreko irabazle Alberto Contadorren gregarioa izan zen bertan. 2008an Euskaltelera itzuli zen berriro, erretiratu arte.
Palmaresa: 2003an Etorkizuneko Tourra irabazi zuen. 2006an Espainiako Vuelta irabazi zuen eta Vueltako mendi sailkapena. 2009an Tourreko mendiko maillota jantzi zuen.